David Lopez txirrindulari profesional ohiak 'Everesting' erronka egingo du Solluben
Barakaldarrak maiatzaren 16an egingo du eta gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako borrokan laguntzeko helburu solidarioa edukiko du erronkak.
Barakaldoko txirrindulari profesional ohiak ‘Evesreting’ solidarioa egingo du Solluben, maiatzaren 16an [zapatua]. Mendatea 26 aldiz jarraian igo eta jaitsiko du bizikletan, Everest mendiko 8.848 metroko desnibel positiboa “saio bakarrean” pilatzeko asmoz.
Gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako borrokaren pedalkadak izango dira. Hain zuzen ere, The Walk On Project fundazioaren (WOP) bidez bideratuko dute dirua. Fundazioak eta BIBEk bultzatutako proba da, Bermeoko Udalaren babesagaz. BIBE erakundeak bizikleta kultura zabaldu eta Euskal Herrian txirrindularitza probak antolatzen ditu.
07:00etan hasi eta 20:00ak aldera amaitzea aurreikusi du. Igoera bakoitzak 360 metroko desnibela du, eta 4,5 kilometroko luzera. Guztira 234 kilometro izango dira, eta horietatik 117 kilometro igoeran.
16 urteetan profesional mailan lehiatu zen Lopez eta Sollube aukeratu du bertan lortu zuelako bere garaipen garrantzitsuetako bat. Euskaltel-Euskadi, Movistar eta Sky taldeetako txirrindulari ohiarekin batera parte hartzeko aukera zabaldu dute antolatzaileek. Horretarako, www.wopsports.com webgunean izena eman behar da. Egun horretan Bermeon jai handi bat antolatuko dutela aurreratu dute: “Zuzeneko musika, animazioa eta gastronomia batuko ditu”. WOP Fundazioak sustatzen duen gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako borrokara joango dira jaialdiaren irabaziak.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “proba borrokaren eta norbere buruaren gainditze eta hobetzearen eredua da, eta ausardiaren eta esfortzuaren erakusgarri”.