Aurrerantzean hobaria izango dute gutxien kutsatzen duten ibilgailuek
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza fiskala aldatu du Busturiko Udalak. Hobaria eskatu egin behar da, ibilgailuak ezaugarriak dituela frogatuta.
Busturiko Udalak trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza fiskala aldatu du. Aurrerantzean, gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobaria edukiko dute zergaren kuotan.
Motor elektrikoa daukaten ibilgailuek %95eko hobaria izango dute zergaren kuotan, eta emisiorik gabekoek, %75ekoa. Bestalde, motor hibridoa daukatenek edo gasa erregai moduan darabiltenek %75eko hobaria edukiko dute, lehen matrikulaziotik zenbatzen hasi eta hurrengo bost ekitaldietan. Matrikulazio berriko eta 110 g CO2/km baino emisio kutsatzaile txikiagoa duten ibilgailuek % 50eko hobaria izango dute, lehen matrikulaziotik zenbatzen hasi eta hurrengo bost ekitaldietan, eta %25eko hobaria, berriz, matrikulazio berriko eta 110 eta 120 g CO2/km bitarteko isurtze kutsatzailea daukaten ibilgailuek.
Busturiko Udalak jakinarazi duenez, hobaria eskatu egin beharko da. Horretarako, eskatzaileek frogatu egin beharko dute ibilgailuak eskatutako ezaugarriak dituela. Ezaugarri Teknikoen Txartela aurkeztu beharko dute, edo horretan ageri ez bada, datu horiek dituen administrazio eskudunak egindako dokumentua aurkeztu beharko dela diote.
Orain arte ibilgailu historikoek edo fabrikatu zirenetik gutxienez 25 urteko antzinatasuna zeukaten ibilgailuek edukitzen zuten %100eko hobaria trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan.
Azaldu dutenez, “ez da zentzuzkoa” ibilgailurik kutsatzaileenak zerga ordaintzetik salbuestea: “Ez genuen inolako neurririk hartzen, aldiz, ingurumena gehien errespetatzen dutenen erabilera sustatzeko”.