Errigoitiko HAPOa lantzen dabiltza, eta landa eremuan sakondu dute
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egiteko parte hartze prozesua abiatu dute, eta "pozik" daude parte hartzeagaz. Landa eremuei duten balio eta garrantzia eman gura diete.
Errigoitiko landa eremuaren eta uriaren erabilera arautzen dituen dokumendua lantzen dabiltza errigoitiarrak. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra zehazteko parte hartze prozesua abiatu dute, eta herri batzarrak egin dituzte. Aurten, landa eremuaren antolaketan jarri dute arreta nagusia.
Hiri barruko eremuen eta bertako lurzoruaren erabilera, eraldaketa, eraikuntza, kontserbazioa, birgaitzea, ekipamendua, espazio librea eta zerbitzuetako azpiegitura sareak zehazten ditu Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak. Horrez gain, ingurune fisikoan ere eragin gura dute aurten, izan ere, plan orokorrak udalerriko mugen barruan dauden lurzoru guztiak sailkatu eta izan ditzaketen erabilerak mugatzea du helburu; “betiere, gainetik dituen lurralde antolaketako planek eta legeek arautzen dutenearen barruan”.
Plan orokorraren idazketak hainbat fase ditu, eta une honetan, bidearen hasieran daude errigoitiarrak. “Epe luzerako oso dokumentu garrantzitsua da hau, herriko ordenamendua zehaztuko du eta herritarren beharrizanetan asko sakondu behar da”, esan du Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak. Diagnosia egiten dabiltza, eta horretarako hainbat lan saio egin dituzte: “Zelako Errigoiti gura dugun zehazteko saioak egin ditugu herritarrekin. Orain arte, herria ezagutu, eta inguruneak aztertu ditugu. Baita jendearen beharrizanak eta iritziak jaso ere”.
Urtebete daramate HAPO lantzen. Iaz egindako lehenengo batzarrean planaren nondik norakoak aztertu zituzten, eta hurrengoetan herriko inguruneak ezagutu dituzte. Azken batzarrean, baina, landa eremuei buruz aritu ziren. “Orain arte plan orokorrean herriko zein tokitan eraiki ahal den zehaztu dugu. Orain, hori zehazteaz gain, landa eremuko lurrak ordenatu gura izan ditugu. Izan ere, eremu eraikigarriak ordenatzeaz gain, landa eremuei euren tokia ematea izan da gure apustua. Zein erabilpen izango duten eta nola babestu daitezkeen pentsatzea hain zuzen”, jakinarazi du Arrienek.
Landa eremuei, balioa. Landa eremuak sailkatzeko, 2018an Gaindegiak egindako azterketa sozioekonomikoa izan dute oinarri. Herriko landa eremu guztien sailkapena egin zuten ikertzaileek, lurrak zertarako ziren egokiak zehaztuz; autokonsumorako edota landatzeko besteak beste. “Azterketa horretan ikusi zen baratzerako edota abeltzaintzaraiko egokiak ziren lurrei ez zitzaiela behar bezalako probetxua ateratzen. Oso egokiak zirela, baina gutxi erabiliak zeudela”, adierazi du Arrienek. Gainera, ikertzaileek lurrak euren ezaugarrien arabera ere sailkatu zituzten: malda duten, leunak diren, eguazkiak ematen dizkien… faktore asko izan zituzten kontutan.
Datu “interesgarri” horiek jasota, landa eremuko lur guzti horiek plan orokorrean babesteko beharraz ohartu ziren udal agintariak: “Lur guzti horiek babestu eta gorde egin behar dira, euren izaera eta dituzten ezaugarriak babesteko. Errigoitiko lur guztiak aintzat hartuta, lur eremu horiek zaindu egin behar dira, etorkizunean erabiltzeko aukera egon dadin”.
Baso eremuak ere beharrezkoak direla dio alkateak, baina ekoizpena bultzatzeko eremuak babestearen alde egin du: “Baso lurrak egotea beharrezkoa da, baina ekoizpenerako baliagarriak direnak babestu behar dira. Lur horien izaera hori babesteko borondatea dugu”.
Parte hartzea bultzatuz. Eta horretan dabiltza, “herritarren artean lur horiek zelan babestu eta gorde daitezkeen aztertzen”. Herriko aurreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorretan ez zela herritarren parte hartzerik egon aitatu du alkateak, eta oraingoan hori bultzatu gura izan dutela adierazi du: “Herritarren artean erabaki behar dugu zelakoa izango den biharko eta etziko Errigoiti”.
Horretarako parte hartze saioak egin dituzte auzo ezberdinetan, izan ere, Errigoitiko eremu desberdinak ezagutaraztea bilatu dute; “auzo bakoitzaren izaera eta ezaugarriak ikusiz”. Tailerretan 30 lagun inguru biltzen dira, eta udal agintariak “pozik” daude kopuruagaz. Hala ere, parte hartze handiagoa egotea gustatuko litzaieke.
Hurrengo saioaren data zehazteke dago, baina etxebizitzei buruzkoa izango dela badakite: “Batak besteagaz zerikusia dauka. Landa eremuak babestu behar dira, baina herrian jendea bizitzea ezinbestekoa da”. Parte hartze saioak bukatzerakoan, horiek erredaktatu eta aukera ezberdinak planteatuko dituzte, gero, berriro, herritarrekin aztertzeko eta zer egitea komeni den erabakitzeko.