Prest daude Gernikako Lekuek
Etzi hasi eta martxoaren 14ra bitartean Gernika-Lumoko kaleak musikaz beteko ditu Lekuek jaialdiak. Beste urte batez, elkarlanean prestatutako programaz gozatzeko gonbita egin dute.

Bizia, eklektikoa, askotarikoa, txikia eta zuzena. Merkatuko toki nagusietatik ihes egin eta herriko musikaren aterpe nagusienak ezagutara ematen ditu Lekuek jaialdiak. Udalerriak musikarekiko daukan zaletasuna bultzatzeko sortutako jaialdiak zazpigarren urtea beteko du aurten, eta zapatutik martxoaren 14ra bitartean girotuko ditu herriko tokiak aurten.
Dena daukate prest antolatzaileek, azken ukituak egitea besterik ez zaie geratzen. Gogotsu daude, eta herritarrei eta inguruko biztanleei Gernika-Lumora gerturatzeko deia egin diete, “musikagaz gozatzeko aukera ederra delako”.
Elkarlanean oinarritzen da Lekuek. Herriko talde desberdinek elkarlanean antolatutako musika jaialdia da, eta kontzertu guztiak antolatzea lan erraza ez den arren, “erraz” egin dutela diote. Iparragirre, Trinkete eta Astra dira herriko musikaren aterpe nagusienak, baina beste hainbat taldek hartzen dute parte aniztasun festan: Rudelariak, Metalfabrikakoak, Sound Sistemekoak, Zine Klubekoak eta Kalapitaka musika eskolakoak besteren artean. Horiez gain, herriko taberna askok ere parte hartzen dute.
Aurtengo jaialdian guztira 32 talderen abestiak, eta beste hainbat DJren musikak entzungo dira zuzenean. Eta beste urte batez, “oso gustura” aritu direla talde horiek antolatzen onartu dute: “Elkarren arteko harreman ona daukagu”.
Etxe bakoitzak bere proposamenak plazaratzen dituela diote, eta gero elkarren artean batu eta antolatzen dituzte. “Horrez gain, denon artean erabakitzen dugu kalean edota lizeoan nor ariko den. Jaialdiaren beste leku bat da hori, zabala herritarren iritziak kontutan hartzen dituena”.
Herritik herrirako sortutako jaialdialdiaren ekarpenik handiena “musikala” dela diote: “Ekarpen handiena musikala da. Musika zaletasun handia dago hemen, eta horretan eragin gura dugu”. Halaber, musikagaz zerikusia duten bestelako ekimenak ere prestatu dituzte: zinema, liburu aurkezpenak, disko edota arte azoka.
Musika zaletasun horri lekua egin eta herriko kaleetan zehar mugitzeko sortu zen ideia duela zazpi urte: “Musika ezin da estatikoa izan. Herriko lekuak ezagutzeko aukera eman gura genuen, eta gure zaletasuna erakutsi. Izan ere, jende asko dago herrian Trinketera joan ez dena, edota Iparragirren inoiz sartu ez dena”. Jaialdia, beraz, horretarako aproposa dela diote, “espazio alternatibo eta kulturalak ezagutzeko”.
Asteburu “borobila”
Etzi hasiko da Lekuek, eta asteburu “borobila” dela lehenengoa esan dute arduradunek: “Asteburuko ekintza guztiak nabarmenduko nituzke. Gaizka Insunzagaz hasiko gara Lizeoan. Bertan, oso kritika onak dituen bere azken diskoa aurkeztuko du musikari gernikarrak”. Los Hermanos Cubero taldea ere zapatuan ariko dela nabarmendu dute, eta Astrako punky-reggae jaira joateko deia egin dute.
Domeka egun berezia izango da. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela aintzat hartuta, emakumeen balioak transmititzeko egitaraua prestatu dute. Emakumeek abestutako musika jarriko dute DJek, eta Arima taldeagaz agurtuko dute eguna Trinketen. Egun guztian zehar, gainera, arte eta disko azoka egongo da.
Aste guztian zehar, berriz, Lisabo dela jende gehien erakarriko duen taldea aurreratu dute antolatzaileek. Sua eta Urgatzek ere jendetza erakarriko dutela diote, baita Ash Grunwald musikari australiarrak ere. Horiez gain, Joseba Belenuarren kontzertua azpimarratu dute. Gazteenek, berriz, Duplaren kontzertuagaz gozatzeko aukera edukiko dute Trinketen. Sorpresa moduan, Ganbardela taldearen kontzertua nabarmendu dute antolatzaileek: “Jende askok ez du ezagutzen baina sorpresa emango du. Pony Bravon aurretik ariko da Trinketen, ezustekoa emango du”.
Lekuek jaialdirako bonoen salmenta “urtero legez” dabilela diote arduradunek, eta jaialdiak irauten duen bitartean ere bonoak eskuratu ahal direla adierazi dute. Horiek Lekueken webgunean eta Ospa, Aterpe eta Astran ere eros daitezke sarrerak.