Merkatari eta ostalariek kalera aterako dituzte euren eskaintzak
Bihartik zapatura bitartean, Gernika-Lumoko Merkatari Elkarteak antolatutako Winter Marketak udalerriko kaleak beteko ditu. Bigarrenez antolatu duten azoka "arrakastatsua" izatea espero dute arduradunek.
Bigarren urtez, Winter Marketek Gernika-Lumoko kaleak beteko ditu bihartik zapatura arte. Merkatari eta ostalariek euren eskaintzarik onenak plazaratuko dituzte; aurten, lehenengoz parte hartuko dute ostalariek neguko azokan.
Herritarrei neguko merkatura gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek. Izan ere, euria eginez gero ez da azoka geldituko: “Haimak jarri ditugu, merkatariek euren eskaintzak aterri edukitzeko. Karparik ez dagoen kaleetan, euria ari duen bitartean, merkatariek barruan izango dituzte produktuak”.
10:00etatik 20:00etara bitartean Artekale, 8 de Enero, Andra Mari, Domingo Alegria plaza eta Domingo Bernaola kaleetan jarriko dituzte salmahaiak merkatariek. Eta kale horietako zein Picasso kaleko eta San Juan Ibarrako ostalariek eskaintza bereziak kaleratuko dituzte.
Hiru egun horietan zehar, Winter Markete erosten dutenek deskontu txartelak eskuratu ahalko dituzte. Horrez gainera, 30 euroko txartel baten zozketan ere parte hartuko dute Domingo Alegriako photocollean argazkia ateratzen dutenek. Argazkia facebookera igo, eta publikazioan Gernikako Merkataria Elkartea etiketatu beharko dute, Nik Gernikan leloa jarri, eta izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu.
Hamaika ekintza. Eskaintzez gainera, hamaika ekintza izango dituzte aukeran udalerrira bertaratzen direnek. Besteren artean, kaleak musikagaz girotuko dituzte, barrakak jarri eta Yoga saioak eman. Food Truck postua ere izango dute aukeran herritarrek, eta gargantua ere egongo da.
Azoka “arrakastatsua” izatea espero dute arduradunek, “ohiko formatutik aldentzen delako”. Azokak herria giroz beteko dutela diote arduradunek: “Horrelako eskaintzek giroz betetzen dute herria. Ume, gazte eta nagusientzako ekintzak prestatu ditugu. Gauza desberdina da, aurreko urtean herritarrei asko gustatu zitzaiena”.
Egitaraua
Bihar
-11:00. Merkatuaren inaugurazioa eta photocol-a.
-17:00-21:00. Foodtruck Picasso. kalean.
-17:00-20:00. Umeentzako barrakak San Juan Ibarran.
Etzi
-10:00. Merkatuaren irekiera eta photocol-a.
-17:00-20:00. Gargantua Picasso kalean, euririk egiten ez badu.
-17:00-00:00. Foodtruck Picasso kalean.
-17:00-20:00. Umeentzako barrakak San Juan Ibarran.
-18:00-19:00. Emakumeen energia baloratu hitzaldia Merkatu plazan.
-19:00-20:00. Belatz taldearen kontzertua Merkatu plazan.
-20:00. Merkatuaren itxiera.
Zapatua
-10:00. Merkatuaren irekiera eta photocol-a.
-11:30. Kawadeni perkusio eta afrikar dantza taldea kalez kale.
-17:00-00:00. Foodtruck Picasso. kalean.
-12:00. Umeentzako barrakak San Juan Ibarran.
-14:00. Winter market merkatuaren itxiera.
-20:00. Xaibor San Juan Ibarran, euririk egiten ez badu.