Erregina Kopara, sorpresa emateko gogoz
Lointek Gernika Bizkaiaren eta Araskiren aurkako derbiagaz hasiko da aurtengo txapelketa, bihar, 18:00etan, Salamancan. Garaipena eskuratzeko gakoa barne jokoa izan daitekeela uste du Mario Lopezek.
Erregina Kopara lehiatzera joateko “gogotsu” daude Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak. Araski talde gasteiztarraren kontra jokatuko dute final-laurdena bihar, 18:00etatik aurrera Salamancan. Derbi horregaz hasiko da aurtengo txapelketa.
Ligako Gironaren aurkako partidua eta Eurocupeko bi norgehiagokak galdu eta gero, Ensinoren aurkako partidua irabazi zuen talde gernikarrak joan den zapatuan. Sentsazioak berreskuratu zituzten, eta Erregina Koparako prest daudela dio Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak: “Eurocupean valentziarren aurka galdu eta gero, zapatuan lan oso ona egin genuen Ensinoren aurka, eta horrek konfiantza eman digu”. Taldekideek ez dutela inoiz taldearenganako konfiantzarik galdu adierazi du gainera: “Lan handia egin dugu urte osoan zehar, erregulartasuna mantendu dugu, eta lehiakorrak izan gara. Ensinoren aurkako partiduan hori berretsi genuela uste dut”.
Ondo iritsi dira, eta min hartuta edota gaixorik egon diren taldekide guztiak berreskuratu ditu talde gernikarrak. “Taldekide guztiak daude lehiatzeko prest daude. Nogaye Lo %100 ez badago ere, jokatzeko prest dago”, jakinarazi du Lopezek.
Oso ondo iritsi gara kopara. Momenturik onenetariko batean gaude
Gaby Ocetek Erregina Kopa jokalari guztiei jokatzea gustatzen zaien txapelketa dela esan du, eta “ilusio asko” dutela gaineratu du: “Oso ondo iritsi gara lehiaketa honetara. Momenturik onenetariko batean gaude. Partidu asko jolastu ditugu elkarregaz, eta horrek taldekideak elkar hobeto ezagutzea eragin du”. Fisikoki ere “oso ondo” daudela dio, min hartutakoak berreskuratu dituztelako.
Lehengoa, derbia. Araskiren aurkakoa izango da Lointekekoen lehenengo geldialdia. Jokatutako ligako partiduan talde gernikarra gailendu zen, baina aurrekariek txapelketa honetan ez dutela baliorik esan du Lopezek: “Ligako partiduak ez du balio. Alde batetik, taldekideak gehitu dituztelako, eta, bestetik, txapelketako partidu guztiak finalak direlako. Desberdinak dira”. Gauza asko gerta daitezkeela dio gainera: lesioak, faltak… eta dena kontrolpean izatea “zaila” dela uste du. Aukerak eta urduritasunak ondo kudeatu beharko dituzte, “oso intentsitate handiko norgehiagokak direlako”. Kudeatuko ez dituztenak, berriz, esfortsuak dira: “Araskiren aurkako partiduan besterik ez dugu pentsatu behar. Ez dago hurrengo egunean pentsatzerik, irabazi ezean etxera joango gara-eta”.
Bi taldeen arteko lehiakortasuna ezaguna da. Gasteiztarrak joko ona egiten ari dira, eta partidu lehiatua izatea aurreikusi du Lopezek. “Oso partidu lehiakorra izango da. Joko fisikoa asko dute, defentsa asko aldatzen dute, eta kanpoko jokalari asko dituzte aldaketak egiteko”, esan du entrenatzaileak.
Ocetek, berriz, Araskikoen “erritmoa” nabamendu du: “Erritmo oso altua ematen diote partiduari. Asko presionatzen dute aurkaria”. Naiara Diez taldeko kapitainak konfiantza osoa du taldean, eta Araskiren aurkako partidua “gogor” lehiatuko dutela dio: “Ligakoak ez du aurrekari bezala balio, kopan dena gerta daitekeelako. Baina egia da irabazteko gakoak ematen dituztela”.
Oso lehiakorra izango da; joko fisiko asko dute eta defentsa asko aldatzen dute
Biharkoa finala dela dio kapitainak, eta partiduko gakoa barruko jokoan dagoela dio: “Euren barne jokoa izan daiteke euren punturik ahulena, baina postu horietan joka dezaketen hainbat jokalariak dituzte”. Araskiko jokalariak, berriz, gernikarren barne jokoa gelditzen saiatuko direla dio kapitainak: “Eurek gure barne jokoa gelditzearen alde egingo dute. Baina talde oso egonkorra garela uste dut. Batzuek eta besteek lan asko egiten dugu. Hori da taldearen gakoa, talde bateratua eta prestua izatea. Gelditu nahi dituzten jokalariak gelditzen badituzte, besteak agertuko gara”.
Defentsan egin beharreko lana ere “bikaina” izan behar dela diote: “Intentsitate handiz jokatzen dute 40 minutuetan zehar. Hori horrela, defentsa gogorra egin behar dugu, errebotea kontrolatu eta gure estiloagaz jarraitu. Horiek ekarri gaituzte gaur gauden lekura”.
Diezen ustez, defentsa onak “erasoan intentsitatea” eragiten du: “Ondo defendatuz gero, intentsitatea emago diogu partiduari. Lehenengo momentutik %100 eman behar dugu”.
Txapelketa berezia. Erregina Kopa berezia da talde guztientzat. Partidu bakarrera jokatzen dira kanporaketak, eta denetarik gerta daitekeela argi dute talde gernikarreko jokalariek. “Erregina Kopa berezia da. Partidu guztiak finalak dira, tentsio handikoak”, adierazi du entrenatzaileak, eta horretarako, ezinbestekoa dela jokoaren erritmoa kontrolatzea adierazi du.
Defentsa gogorra egin behar dugu, errebotea kontrolatu eta gure estiloagaz segitu
Txapelketa “oso erakargarritzat” jo du Ocetek, eta denboraldi erdiko zortzi talde onenak aurrez aurre aritzea “polita” dela dio: “Inoiz txapelketa hau jokatu ez duten taldekideei gozatzeko esan diet, izan ere, inoz ez dakizu horrelako beste txapelketa bat jokatuko duzun edo ez”.
Faboritoei buruz hitz egiterakoan, aurreko urteetan legez, Girona eta Perfumerias Avenida direla txapelketa burak esan dute. “Tamalez berdinak dira faboritoak: Salamanca eta Girona. Kasu honetan, gainera, Salamanca da gehiago, etxean jokatzen duelako. Baina sorpresak egotea espero dut, eta ezustekoa guk ematea”, adierazi du Diezek.
Bere aldetik, Lopezek, kopara sailkatutako zortzi taldeek “ondo jokatuta” edozeini irabaz diezaketela uste du: “Faboritoak direnak direla ere, talde guztiak oso lehiakorrak dira, eta edonori irabaz diezakete”. Izan ere, ligan lehen postuetan dauden taldeek beste urteetan baino partidu gehiago galdu dituztela gogorarazi du. Hala ere, garrantzitsuena biharko norgehiagoka dela azpimarratu du: “Lan egiten jarraitu behar dugu, lehenengo partidua da garrantzitsuena guretzako eta gero ikusiko dugu”.
Lehenengo partidurako, gainera, marea granatearen babesa izango dutela esan du Gerardo Candina taldeko presidenteak: “200 lagun inguru gerturatuko dira Salamancara, taldekideei animoak emateko prest”.