Olatz Arrizabalagak Emakume Master Cup txapelketaren finalerdietarako txartela eskuratu du
Pilota goxotik mistorako jauzia ematera ausartu da aurten Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarra. Gentzane Aldaigaz batera, oso maila polita eman du Arrizabalagak maila berrian.
Binakako Emakume Master Cup txapelketako zerrendaburuei iritsi zaie takoak jantzi eta kantxara irteteko garaia. Asteburu honetan bi jardunaldi jokatu dira, zapatuan [otsailak 29] Getarian, pilota mistoko final laurdenak eta atzo [martxoak 1], Pasai Antxoko pilotalekuan pilota goxokoak.
Pilota goxotik mistorako jauzia ematera ausartu da aurten Olatz Arrizabalaga gernikarra. Gentzane Aldaigaz batera, oso maila polita eman du Arrizabalagak maila berrian, eta 18-7 irabazi diete Miriam Arrillaga eta Ainhoa Romerori. Aldaik oso ondo eutsi zion aurrean aritu zen Miriam Arrillagari, Ainhoa Romerok aldiz, pilota asko bota zituen txapapera. Arrizabalagak min handia egin zion, batez ere sakeagaz. Nagusi izan zen gernikarra.
Lehia. Askoz gehiago sufritu behar izan zuten Arrate Bergara eta Amaia Aldaik eruren partida aurrera ateratzeko. Ia ordubeteko partida luze eta piloteatuan, tanto bakarraz nagusitu ziren Laia Salsamendi eta Ane Mendiburu uhartearren aurka 18-17. Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendik, berriz, oso partida erraza izan zuten Maddi Unanue eta Naroa Agirreren aurka. “Kolpean alde handia dago lehenengoen eta bigarrenen artean eta irabazleek ia akatsik egin ez dutenez, 18-4 nagusitu dira”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Leire Garai eta Nora Mendizabalek, euren aldetik, landutako garaipena eskuratu zuten Ibone Salinas eta Andrea Capellanen aurka 18-13.
Zapatuko partiden ostean, erabakita geratu dira pilota mistoko finalerdiak, hurrengo domekan jokatuko dira Beasainen. Alde batetik, Arrizabalagak eta Aldaik, Arrate Bergara eta Amaia Aldai izango dituzte aurkari, eta Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendi eta Leire Garai-Nora Mendizabal neurtuko dira beste aldetik.