Kerman Lejarragak profesionaletako 30. garaipena lortu du Iruñean
Superwelter pisuko bigarren borrokan, 'Morgako errebolberrak' puntuengatik mendean hartu du Macias mexikarra.
Boxeo zaleek Iruñeako Navarra Arenan eduki zuten hitzordua, zapatu gauean. Hainbat borrokaldigaz gozatua hartu zuten, eta Kerman Lejarraga Morgako Errebolberrak bere aletxoa jarri zion ikuskizunari. Jose de Jesus El Changuito Macias mexikarraren kontra borrokatu zen, eta puntuengatik garaipena morgarrarentzat izatea erabaki zuten aho batez epaileek( 98-91, 100-90 eta 99-90).
Lejarragak boxeo profesionalean lortzen duen 30. garaipena da (24 K.Oz) zapatukoa. Horietatik azken biak superwelter pisukoak dira. Mailarik gorenean ari denetik, bi borroka galdu ditu Morgako boxeolariak.
Irabazteko lan handia egin behar izan zuen hamar roundetan Morgako Errebolberrak. Borroka lehiatua izan zen. Gogor hasi zen euskalduna, baina mexikarrak ez zuen amore eman. Lehen minuturako, ezker kolpe latzagaz bota zuen. Sufritzeko norgehiagoka izango zela bazekien morgarrak eta horrela izan zen. K.Oa lortzeko lanean aritu zen etenik barik, baina boxeolari mexikarrak bere ausardia erakutsi zuen. Hamar roundak galdu zituen, baina zutik mantendu zen azken momentura arte.
Gaueko borrokaldi nagusian, David Soria nafarrak etxean lortu zuen Superwelterreko Espainiako titulua, Aragoiko Ezequiel Gurriaren kontra. K.Oz irabazi zion. Nafarraren nagusitasuna ikusita, eta Gurria ahotik odoletan zegoenez, bigarren borrokaldian epaileak borroka geratzea erabaki zuen.
Bestalde, Andoni Gago bilbotarrak bigarren borrokaldian K.Oz mendean hartu zuen Arroyo nikaraguarra. Kolpez kolpe txikitu zuen aurkaria.