Eulen taldeko Joseba Lopezek irabazi du Ereñoko Udala Sari Nagusia
Ereñon lehiatutako lasterketa irabazita, Lehendakari Torneoaren lehen liderra da Lopez. Caja Rural-RGAko Alfonso Plak eta Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko Unai Iribarrek osatu dute podiuma.
Lehendakari Torneoaren lehen lasterketa lehiatu zuten Ereñon, atzo eta Jira-Bira Tadeko Joseba Lopezek (Grupo Eulen) irabazi zuenez, bera da lehen liderra.
Jira-Bira Tadeko txirrindulariak 2 ordu, 44 minutu eta 55 segundotan amaitu zuen 105 kilometroko proba. Lau segundora sailkatu zen Caja Rural-RGAko Alfonso Pla eta sei segundora Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko Unai Iribar.
Lasterketaren hasieran 22 txirrindularik osatu zuten ihesaldia. Taldea desegiten joan zen, hamahiru txirrindulari geratu ziren lasterketa buru. Nabarnizeko gainetik pasatzean, minutu bat pasatxo atera zieten pelotoikoei.
Helmugara heltzeko lau bat kilometroren faltan, Natxituko gainetik bigarrenez pasatzean, garaipena eskuratzeko borroka hasi zuten. Ihesaldikoek 30 segundoko abantaila zeukaten, eta Vigo Rias Baixas taldeko Iñigo Gonzalezek eman zuen lehen kolpea. Erritmo gogorra ezarri zuen eta atzetik jarraitu zioten Lizarte taldeko Ferran Robertek eta Caja Rural-RGAko Plak. Baina, Ereñora heltzear zeudela beste zazpi txirrindularik harrapatu zituzten, eta azken aldatsean Lopez nagusitu zen.
Lizarteko Robertentzat izan zen mendiko saria eta haren taldekide Unai Esparzak eroan zuen tarteko helmugakoa. Hain zuzen, sailkapeneko lehen zazpien artean hiru txirrindulari sartuta, Lizartek lortu zuen taldekako saria.
143 txirrindularik izena eman zuten XVII. Ereñoko Udala Sari Nagusian, eta 91k amaitu zuten.
Lehendakari Torneoari dagokionez, zapatu honetan [martxoak 7] Urretxun (Gipuzkoa) egingo dute hurrengo proba, eta egun berean, berriz, VIII. Ereñoko Master Saria lehiatuko dute, 15:00etatik aurrera. Master 30, 40, 50 eta elite mailako lasterketa da, eta txirrindulariek 86,5 km-ko ibilbidea egingo dute.
Parte hartu gura dutenek www.kirolprobak.com webgunean izena eman dezakete; kategoria guztietarako izen ematea 15 euro da. 200 parte hartzaileko muga dago.