Denboraldia borobiltzeko garaipena, etxekoen aurrean
Emakumezkoen Euskal Liga, Gernika Rugby Taldeak 31-10 irabazi dio Landarbasori. Erasokor jokatuta, partidu osoan zelaian nagusi izan da talde gernikarra.
Denboraldia ezin hobeto borobildu du Gernika RTren Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Etxean lehiatu du azken jardunaldia, eta nagusitasun osoz mendean hartu du Hernaniko eta Ordiziako klubetako jokalariekin osatutako Landarbaso. Talde gernikarrak 31-10 irabazi zuen zapatuko neurketa.
Sailkapenean hirugarren postuan amaitu dute liga. Getxok irabazi du liga eta La Unica talde nafarra geratu da txapeldunorde.
Zapatu arratsaldeko partiduan oso ondo aritu zirela azpimarratu du Eider Olaeta kapitainak, “denboraldia amaitzeko modu bikaina” izan zela. “Erasoan oso ondo antolatuta egonda, ondo jokatu genuen, eta defentsan erasokor aritu ginen”. Oro har lehenengo zatian bigarrenean baino hobeto aritu zirela adierazi du: “Lehenengo zatia oso ondo joan zen, eta bigarrenean, nekea igarri zen apur bat. Baina, ondo eutsi genuen”.
Zelairatzeagaz batera, euren nagusitasuna agerian utzi zuten basurdeek. Esaterako, Goiurik hamar minuturen buruan bi entsegu egin zituen; 25. minutuan egin zuen bere bigarrena eta 35. minutuan hirugarrena.
Gipuzkoarrek ez zuten punturik lortu lehen zatian; 61. minutuan lortu zituzten euren lehenengo bost puntuak. Hain zuzen ere, bigarren zatian, minutu batzuetan hiru jokalari gutxiagogaz egon zen etxeko taldea eta aurkariek puntuak lortzeko aprobetxatu zuten. “Bi edo hiru pertsona gutxiagogaz egon ginen momentuan egin zituzten entseguak”, azaldu du Olaetak. Etxekoen azkenengo entsegua Libek egin zuen, 43. minutuan.
Egonkor. 2019-2020 denboraldiaren balorazio positiboa egin du taldearen kapitainak. Erregulartasuna izan da euren ezaugarri nagusia: “Urte guztian egonkor mantendu gara. Betiko moduan, min hartutakoak eduki baditugu ere, ondo mantendu gara. Denboraldi amaieran beti igartzen da neke gehiago, baina aurten nahiko ondo aritu gara”.
Liga amaitu badute ere, denboraldia ez dute guztiz amaitu. Izan ere, maiatzean zazpiko txapelketak jokatzeko asmoa daukate. Hala ere, oraindik ez daukate egutegia zehaztuta.