"Arrakastatsua" izan da Vade Retro jaialdia
1.084 euro batu ditu Spookypheria Productions elkarteak Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako.
Asteburuko azken ekitaldiak igarota, mozorroak gorde dituzte Busturialdean. Bermeon, Vade Retro jaialdiagaz amaitutzat eman dituzte aurtengo aratusteak. Bermeoko Kafe Antzokia bete egin zen, eta mota guztietako mozorroak jantzi zituzten bermeotarrek.
Spookypheria Productions elkartearen 80’s partyren hamargarren urteurrena izanik, Vade Retro jaialdian bihurtu dute aurten. Hala, hamarkada gehiagotako musika entzun ahal izan zen zapatuan antzokian; 50 . hamarkadatik hasi eta 90.hamarkadara artekoa, hain zuzen ere.
10.urteurrena izanik, gainera, zerbait berezia egin gura zuten antolatzaileek. Sarrerak 10 eurotan saldu zituzten, baina horietako bi euro Eutsi Gogor Danok Batera gaixotasun arraroak dituzten umeen elkartearentzako izatea erabaki zuten. Hala, 1.084 euro batu dituzte, eta antolatzaileak “oso pozik” daude “kopuru polita” delako.
Bestalde, jaialdiaren “arrakasta” aipatu dute. “Pozik” daude, gainera, jendeak lan handia egin duelako mozorroak prestatzerakoan: “Jendeak gero eta gehiago lantzen ditu mozorroak; gustura datozen seinale”.
Datorren urtera begira ez dakite zer egin, 80.hamarkadako jaialdiagaz jarraitu ala aurten egin modura, hamarkada ezberdinak nahasi.
Radio Guerrilla musika taldearen kontzertuagaz hasi zen jaialdia, eta ondoren, Unholy Covers taldea igo zen agertokira. Kontzertuak amaituta, 06:00ak arte DC Data aritu zen musika jartzen.