Zabalik da Erreteneko jolasgune berria
Estalitako gunearen baitan, adin ezberdinetako haurrek erabiltzeko moduko elementuak jarri dituzte.
Azkenean, zabalik da Erreten parkeko jolasgune estalia. Parke berri honek lehendik zegoena ordezkatu du; 100 metro kuadro zituen lehengoak eta oraingoak, berriz, 400 metro kuadro ditu. Jolasgune zaharra zegoen ingurua berdegune modura berreskuratu da
Jolaslekuko estalkiaren egitura horizontala egurrezkoa bada ere, zutabeak metalezkoak dira. Aipatu estalkiari esker, Bermeon orain arte egon ez den zerbitzu berri bat sortu da.
Jolasei dagokienez, adin ezberdinetako haurrek erabiltzeko moduko elementuak jarri dituzte.
Lanok egiteko, guztira, 380.000 euro inbertitu direla azaldu dute.
2017ko aurrekontuetan, orduko udal gobernuak (EH Bildu) 200.000 euroko partida bat aurreikusi zuen prozesu parte hartzailea egiteko. Herritarrek diru kopuru hori zertan inbertitu erabaki ahal izan zuten. Parte hartze prozesua EH Bilduk eta Guzanek elkarlanean garatu zuten. Herritarren 103 proposamen jaso zituzten, horietatik 46k jaso zuten udal teknikarien oniritzia. Bozkaketa egin ostean, umeentzako jolasgune estalia egitea izan zen herritarrek aukeratutako proiektua. Gerora, jolasgune estaliaren beharrizanak ere aztertu zituzten familia tailer bat eginez.
Urte batzuk igaro badira ere, herritarrek orduan aukeratutako proiektua amaituta dago eta erabil daiteke jada.