"Dolu desberdinak existitzen dira, baina euren artean antzekotasunak dituzte"
‘S(u/a)minetik bakera’ obra eszenikoa proiektatu du Iñaki Peñak Gernikan. Doluaren lanketa egiten duen ikus-entzunezkoa udalerrian proiektatzea «oso berezia» dela dio.
Bi alaba, bi dolu eta bi lekukotza. Aita galdu osteko dolua eta mina biltzen duen ikus-entzunezkoa da S(u/a)minetik bakera. Iñaki Peñak idatzi eta zuzendu du obra eszenikoa, eta terrorismoaren biktimen dolu prozesua jorratu du. Bi lekukotza biltzen ditu: Olatz Etxaberena da bata, Batallon Vasco-Españolek (BVE) hildako Iñaki Etxaberen alaba, eta Sandra Carrascoren lekukotza da bestea, ETAk hildako Isaias Carrascoren alaba. Arrasatearrak dira biak, eta gorrototik bakera bitarteko bidea zelan landu duten kontatzen du obrak.
Zergatik erabaki zenuen dolua lantzea?
Aitor Monje eta bion artean egindako proiektua da S(u/a)minetik bakera. Aurretik dolua lantzen zuen Aulki hutsak dokumentala egin genuen 2013an, eta, orain, zerbait desberdina egitea pentsatu genuen. Biok bizi izan dugu dolua, aitak minbiziagaz joan zaizkigulako, eta gaiagaz interesa izan dugulako beti. Hala, terrorismoaren biktimek sufritutako dolua lantzea erabaki genuen.
Zerbait berezia egiteko asmoagaz, zelan piztu da S(u/a)minetik bakera?
Lan gatazka baten ondorioz piztutako proiektua da. Zumarragako ospitalean lanean nengoela otu zitzaidan, moving-a sufritu nuelako han. Ikus-entzunezkoak terrorismoaren biktima biren testigantzak jasotzen ditu. Nire egoera ez zen horren tragikoa, baina hortik otu zitzaidan ideia. Zer den biktima izatea landu gura nuen: bai terrorismoarena, moving edota bulling-arena. Halaber, barkamena zer den, noiz hasten den, noiz egin behar den, edota norberaren bakea zelan eta noiz heltzen den erakutsi gura izan dugu. Bakerako bidea prozesu bat delako, bakoitzak modu batera lantzen duena.
Zergatik aukeratu zenituen terrorismoaren biktimen testigantzak?
Arrasateko ospitalean egiten dut lan, zainketa paleatiboetan, eta han Sandraren istorioa gertutik ezagutu nuen. 2008an izan zen Isaias Carrascoren hilketa, ETAk Gipuzkoan egindako azken hilketa. Bertatik bertara bizi izan nuen hori, eta Olatzen kasuaren berri ere baneukan. Izan ere, Bilbotik Arrasaterako bidean beti pasatzen nintzen Kanpazarretik, eta Etxabetarren istorioa aspalditik ezagutzen nuen.
Erraza izan zen biktimekin kontaktatzea?
Olatzekin batzea erraza izan zen, eta Sandragaz gehiago kostatu zitzaidan. Proposamena eginda, baina, biek baiezkoa eman zuten. Arlo psikologikoa aztertzea izan dugu helburu. Ez ditugu politika kontuak landu. Atentatuen egunetik aurrerako prozesua landu dugu. Aurrekariak edota zergatiak ez ditugu landu. Aurrekariak lantzeko interes pertsonala badaukagu, baina ikus-entzunezkoan dolu prozesuaren lanketan sakondu dugu. Eurak dira bi protagonistak, eta euren esperientziak kontatzen ditugu. Aurrez aurreko bi biktima dira, eta biek bakerako prozesuaren bidean izandako antzekotasunak bilatu ditugu. Izan ere, gure ustez, dolu desberdinak existitzen dira, baina euren artean antzekotasunak dituzte. Plazaratzen ditugunak doluaren elementu komunak dira: minbiziaren, suizidioaren edota indarkeriaren doluagaz zerikusia dutenak. Batzuetan biktimak ezin direla alderatu esaten da, eta guk horiek ondoan jartzeaz gain, hausnarketa bilatu dugu.
Dolua landu duzue, baina terrorismoaren biktimekin lantzea erraza da?
Gizartean tabua den gaia da. Bi proiektuetan dolua landu dugu, baina aita minbiziagaz galtzearen dolua lantzea errazagoa da terrorismoaren ondorioz hildako minarena baino. Proiektu hau aurrekoa baino askoz ere tabuagoa da. Egiteko prozesua, baina, oso interesgarria izan da.
Orain, gainera, errealitate desberdinak plazaratu dituzue.
Doluak ulertzeko modu desberdinak daude. Bi istorio hauek oso konkretuak dira. Biktimek diotenez, gainera, euren senideek bestelako planteamenduak dituzte. Ez dituzte eurek egindako apustuak ulertzen. Ikuspuntu desberdinak dituzte familietan, eta gizartean ere gauza bera gertatzen da.
Herriz herri zabiltzate zuen proiektua zabaltzen.
Poliki-poliki aurkezten joan garen ikus-entzunezkoa da. Erabaki hori hartu dugu ez delako erraza gaia plazaratzea. Terrorismoen biktimen gaia tabua da. 2017an hasi ginen aurkezpenak egiten, eta Gernikakoa hamabosgarren proiekzioa da. Aulki hutsak lanagaz, sei urtean 100 proiekzio publiko egin ditugu edozein toki eta jendaurrean. Orain, jende gutxiago hurbiltzen da, beldur gehiago dagoelako, gaia delikatuagoa eta gaitzagoa da eta.
Biktimen gaia ez da lantzeko erraza. Euskal Herrian bakerako bidea egiten gabiltza?
Guk suminetik bakera edota saminetik bakerako bidea jorratzen dugu. Hala ere, bakean bizi garenik ezin dugu esan, jende asko suminean bizi da eta. Bakerik ez dagoela argi dago. Altsasukoen kasua da esanguratsuenetakoa. Zelan da posible horrelakoak gertatzea gaur egun? Ezin dugu esan bakean bizi garenik ETAk hiltzen ez duelako. Bakerako bidea martxan dagoen prozesua da, baina bide hori eraikitzeko lan aktibo bat egin behar da. Edozein doluri aurre egitealez. Gauzak ez dira konpontzen denbora pasatzen uzteagaz bakarrik. Memoria lantzea beharrezkoa da.
Bakearen sinboloa da Gernika. Herrian proiekzioa aurkeztea garrantzitsua da?
Gernikan gure lana proiektatzea erabat sinbolikoa da, oso berezia. Euskal Herri mailan dauden hiri martirioetako bat da, dolu kolektiboa sufritu duena.
Bakerako prozesuan zein ekarpen egin du zuen lanak?
Oso ekarpen xumea. Baina artearen edota kulturaren bidez bakerako prozesu hauek errazago lantzen direla uste dut; atseginagoak edota lantzeko modu errazagoak dira. Hitzaldi batzuekin baino hobeto heltzen dira mezuak. Musika eta irudiagaz atseginagoa da. Gure lana obra hibridoa da, obra eszenikoa, eta gure asmoa nahikoa helburu xumeekin egindako kontua da.