Bermeoko Warhammer txapelketak 48 parte hartzaile hartuko ditu
Bermeoko Rol Eskola Elkarteak antolatu du txapelketa biharko; antzinako Arrantzaleen Kofradian izango da, 08:00etan hasita.
Bermeoko Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatuta, lehenengo Warhammer txapelketa hartuko du Bermeok, bihar. Antzinako Arrantzaleen Kofradian izango da txapelketa, 08:00etatik aurrera. Antolatzaileek azaldu dutenez leku ezberdinetatik etorritako 48 parte hartzaile egongo dira; Bilbo, Barakaldo, Eibar, Donostia, Gasteiz, Santander (Kantabria, Espainia), Bartzelona (Herrialde Katalanak), Madril (Espainia), Huesca (Aragoi, Espainia)…
Txapelketa Bermeorentzat «garrantzitsua» dela diote, mapan jarriko baitute: «Mundu honetan egoitza garrantzitsua izateko bidean gaude». Lehen aldiz antolatu dute Bermeon mota honetako txapelketa bat, hala ere, azkena ez izatea espero dute. Datorren urteko txapelketa buruan badaukatela diote, parte hartzaile kopurua handitu gura dutela nabarmenduta; izan ere, aurten lau ordutan bete zituzten leku guztiak.
Antolatzen duten lehen txapelketa izanik, «lan handia» egiten ari direla diote, hala ere, hurrengoetarako «baliagarria» izango zaielakoan daude.
Antzinako Arrantzaleen Kofradiko ateak zabalik egongo dira, hortaz, eta gura dutenek ikusi ahalko dute zelan doan lehia; espero dute, gainera, bermeotar asko bertaratzea. «Hori bai, estrategia jokoa da eta jokalariak lehian egongo dira. Parte hartzaileak kontzentratuta egongo dira jokaldietan pentsatzen. Horregatik, txapelketa ikusten sartu ahalko bada ere, saiatuko gara jokalariei trabarik ez egiten».
Atalde kaleko 10. zenbakian daukate elkartearen egoitza eta joan den asteburuan ate irekien jardunaldia antolatu zuten; «arrakastatsua» izan zela diote. «Askok agertu zuten interesa. Wargame jolasez gain, rol eta mahai jokoetan ere ibiltzen gara. Batez ere Bermeoko jendea bertaratu zen, baina sare sozialetan zabaldutako informazioari esker, Romoko elkarte bateko hiru lagun ere etorri ziren. Joko dibertigarri asko probatzen ibili ziren denak».
Urte asko daramatzate elkarte modura, 20 baino gehiago: «Hasieran lehengo Josefinetan (gaur egungo kultur etxea) udalak emandako lokal bat genuen. Kultur Etxea egin zenean, gela bat eskatzeko aukera eskaini ziguten. Wargames jokoetarako, baina, taula berezia behar da, eszenografiarako elementuak… eta lokal bat beharrezkoa da horiek guztiak edukitzeko. Bestalde, orduko bazkideek seme-alabak eduki genituen, eta zaletasuna apur bat alderatuta utzi genuen. Orain urte batzuk, berriro hasi ginen txapelketetan parte hartzen BREE izenagaz, baina seriotasunik gabe. Iazko apirilean ekin genion berriro serioago elkarte modura».
Gaur egun, Atalde kaleko 10. zenbakian daukate lokala eta 12 bazkide dira, nahiz eta gehiago izatea espero duten, badakitelako herrian wargames, rol zein mahai jokoetarako zaletasuna badagoela. «Ateak zabalik dauzkagu».
Gazteek BREE elkartea ezagutzea gura dute, egiten dutenaren berri edukitzea: «Pantailetatik buruak altxatzea, Internet apur bat ahaztea eta ondo pasatzeko beste aukera batzuk ezagutzea nahiko genuke, osasungarriagoak direnak. Gizarte harremanak lantzeko ere balio du, gaur egun apur bat galtzen ari direnak». Ate irekien jardunaldietan gazte asko egon zirela azaldu dute, «poztekoa» dela nabarmenduta: «Oso ondo pasatu eta barre asko egin zuten». Horregatik soilik bada ere, orain arteko esfortzuak «merezi» izan duela aipatu dute.