'Berdea da more berria' liburua aurkeztuko dute bihar, Mundakan
Mundakako J.M. Etxeita liburutegian izango da aurkezpena, 18:00etan.
Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak jasotzen dituen Berdea da more berria izeneko liburua aurkeztuko dute bihar, 18:00etan, Mundakako J.M. Etxeita liburutegian. Onintza Irureta Azkune idazlea egongo da Mundakan, eta liburuari buruz hitz egiteko, kafe-solasaldi bat ere egingo dute.
Zortzi emakume borrokalariren begietatik kontatu du Iruretak greba. Horiek dira liburuko protagonistak, Bizkaiko egoitzetan lan egiten duten gerokultoreak. 378 egun iraungo zituen greba hasi zuten, kokoteraino zeudelako haien lan baldintzez. Zaintza lanak egiten zituzten ia langile guztiak emakumeak ziren. “Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta”, irakur daiteke sinopsian.
Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zela kontatzen du liburuak, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino dezente gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da.