Plazerrarekin konektatzen ikasteko tailerra eskainiko du bihar Erroxapek
'Izan, maitatu, gozatu' izeneko tailerra eskainiko du bihar Leire Zuluagak; 18:30ean, Erroxaperen egoitzan.
Bermeoko Erroxape emakumeen elkarteak antolatutako Emakumea eta Osasuna jardunaldien baitan, Izan, maitatu, gozatu izeneko tailerra eskainiko du bihar Leire Zuluagak; hezitzailea eta sexu heziketan formatzailea da Zuluaga.
Plazerrarekin konektatzeko tailerra izango dela azaldu du Zuluagak: “Emakume helduen ustez, daukaten adina kontuan izanik, ezin dute plazarregaz konektatu. Tailerraren bitartez erakutsi gura diet, hiltzen garen arte plazerra daukagula gorputzean”.
Sexualitateari buruzko errepaso historiko txiki bat egingo dute tailerraren hasieran, eta sexologiaren historian esanguratsuak izan diren zenbait emakuren berri edukiko dute parte hartzaileek. “Gizarte heteropatriarkal batean bizi gara eta egungo sexualitatea oraindik gidatuta dago; heterosexuala izan behar da, eta gizonen gozamenera zuzenduta. Ideia hori oinarri hartuta, dinamika ezberdinen bitartez ideia hori apurtzea da asmoa. Gozamena, sentitzea eta desira hori baino askoz gehiago dela erakutsi gura diet; izan ere, sexualitatea genitalekin eta penetrazioarekin baino ez dute lotzen asko eta askok”.
Plazerra bost zentzuen bitartez sentitzea posible dela ikasteko aukera edukiko dute, eta egunerokotasunean aurki daitezkeen plazerrak ezagutuko dituzte, “hainbat direlako bideak eta aukerak”.
Joan den asteko barreterapia saioan emakumeek izan zuten parte hartzea ikusita, zenbait dinamika aldatu dituela esan du Zuluagak: “Ikusi nuen gogotsu ari zirela parte hartzen, eta gustura zebiltzatela zenbait gai lantzen. Uste dut ondo hartuko dutela. Gainera, ni ezagutzen naute eta konfidantzazko leku batean daude. Hala ere, ikusten baldin badut lantzen ari garenagaz eroso ez daudela, tailerra beste modu batera bideratuko nuke, eroso egotea da asmoa. Baina ez dut uste hori gertatuko denik”.
18:30ean izango da saioa, Erroxapek Erreten parkean duen egoitzan.