Itsas Gudari Eguna ospatuko dute domekan
Urtero legez, Eusko Alkartasunak deituta, lore eskaintza egingo dute 'Matxitxakoko Guda' eskulturan, eta ondoren ekitaldi politikoa egongo da Nestor Basterretxea aretoan.
Matxitxakoko Gudaren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia antolatu du du Eusko Alkartasunak (EA) domekarako. Urtero legez, 1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte.
Itsasoan lore eskaintza egingo dute, bai eta Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean ere. 11:00etan jarri dute ordua Matxitxakoko Guda eskulturan. Hara joan gura dutenek, autobusez joateko aukera edukiko dute; 10:30ean abiatuko da autobusa Bermeoko udal azokako geltokitik.
Ondoren, Bermeora bueltatzerakoan EH Bilduren ekitaldi politikoa egongo da Nestor Basterretxea aretoan. Jakinarazi dutenez, Idurre Bideguren EH Bilduren senatari bermeotarrak aurkeztuko du saioa. Ekitaldian, Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Eba Blanco EAren idazkari nagusiak hartuko dute hitza. Ekitaldi politikoa 12:15ean hastea aurreikusten dute.
Hori amaitzerakoan, Bilgunean batuko direla azaldu dute; bertan, luntxa eskainiko baitute.