Ingurumena bultzatzeko lanean
Bi landaketa jardunaldi, tailerrak eta erakusketa bat lantzen dituen proiektua garatu du Maierrek, aurten lehenengoz. Erakusketa martxoaren 6ra arte ikusgai dago Astran.
Ingurumena, gizarte kohesioa, hezkuntza eta kultura batzen dituen proiektua garatu du Maierrek. Azken bi urteetan Lurgaia Fundazioak antolatutako Zuhaitz Egunaren landaketetan parte hartu dute enpresako langileek, eta aurten, zerbait desberdina egitea pentsatu dute. Hori horrela, bi landaketa egiteaz gain, erakusketa eta tailerrak antolatu dituzte, “urteroko ekimenari dimentsio handiagoa emanez”.
Dagoenerako landaketak burutu dituzte Mairreko langileek: “Landaketa eguneko parte hartzea Maierreko bazkide eta langileetara mugatu da, kudeaketa jasangarri bat bermatzeko dagoen partaide kopuru mugaren ondorioz”.
Erakusketa, baina, Gernika-Lumoko Astrako lehenengo solairuan dago ikusgai, eta martxoaren 6ra arte egunero bisitatu ahalko da 17:00etatik 20:00etara bitartean. Herritarrei bertaratzeko deia egin die antolatzaileek: “Erakusketa didaktikoa denentzako zabalik dago”.
Erakusketa elkarlanean antolatu dute, bertan Lurgaia Fundazioaren Gure Basoak izeneko proiektuko panelak ageri baitira, bai eta Gorabide eta Gufe-Ifas Eguneko zentroko kideen lanekin osatutako artelanak ere. “Erakusketagaz natura eta ingururmena zaintzearen beharrizanarekiko kontzientziazioa bultzatzea bilatu dugu, baita desgaitasun fisiko eta psikikoak dituzten elkarteetako pertsonen agerikotasuna sustatzea ere”, diote Maierreko ordezkariek.
Eragile ezberdinen parte hartzea. Giza Eraldaketa izeneko proiektu orokorra garatzen dabiltza Maierren, eta natura, gizarte kohesioa, hezkuntza eta kultura sustatu gura dituzte. Hori horrela, proiektu honek lau helburu horietatik hiru “era zuzenean” bateratzen dituela adierazi dute: “Landaketekin inguruko eremuen alde egiten da. Gainera, parte hartzaileen izaera anitzak kontutan hartuta, eta hauen arteko saretzeak etorkizunean elkarlanerako ematen dituen aukerak ikusita, proiektu orokorrarekin guztiz lerrokatzen den ekimena da honakoa”.
Hori horrela, dinamizazioa eta kolaborazioa bideratzeko ahaleginak ere egin ditu Maierrek, eta bazkide eta langileen parte hartze zuzena sustatu ditu.
Proiektuen zabalkundea areagotzeko asmoz, gainera, ingurune hurbil eta urruneko beste eragile batzuekin elkarlanean garatu ditu Zuhaitz Egunaren harira antolatutako ekintzak. Lurgaia Fundazioagaz, Gorabideagaz, Gufe-Ifas Lurgorriko Eguneko zentroagaz, San Fidel Ikastoagaz, Allende Salazar Herri Ikastetxeagaz eta Astragaz elkarlanean bultzatu ditu denak. “Izaera anitzeko partaideen arteko elkarlanak eragile ezberdinen arteko sartzea ahalbidetzen du, etorkizunerako ekimen desberdinen garatzea bideratzeko aukera berriak sortzeaz aparte”, adierazi dute Maierreko ordezkariek.
Lehenengo kontaktua. Aurtengo ekimenak parte hartzaile guztientzako lehen hartu-emana direla diote enpresako arduradunek: “Aurtengo ekimenak proba pilotu bezela aztertzeko baliagarriak izateaz gain, emaitza onak lortuz gero, etorkizunean ekimenetan parte hartu nahiko luketen inguruko beste eragile eta ikasstetxeei zabaltzea kontutan izango dugu”.