Ereñon lehiatuko dute Lehendakari Txapelketaren lehen proba
XVII. Ereñoko Udala Sari Nagusia domeka honetan lehiatuko dute. Bestalde, VIII. Ereñoko Master Saria martxoaren 7an izango da.
Asteburu honetan hasiko dute euskal txirrindulari taldeek bertoko errepideko lasterketen denboraldia. Eta 23 urtez azpiko txirrindularien Lehendakari Txapelketaren lehen lasterketa Ereñon lehiatuko dute domekan [martxoak 1].
Afizionatu mailako txirrindulariek 10:30ean hasiko dute XVII. Ereñoko Udala Sari Nagusia, eta 105 km pasatxoko ibilbidea egingo dute, eta besteren artean, bi bider pasatuko dira Natxituko gainetik, eta behin Nabarnizekotik.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatzen duen Lehendakari Txapelketa hamazortzi lasterketak osatuko dute 2020an. Bestalde, Euskaldun Torneoa ere antolatzen du federazioak. Zapatuan hasiko dute Zumaian, eta txapelketa horretako 20 probak osatuko dute aurten. Bi txapelketaren zenbait lasterketa Busturialdeko udalerrietan egingo dituzte, beste urte batez. Lehendakari Txapelketari dagokionez, Muxikako (abuztuan), Gernika-Lumoko (abuztuan) eta Bermeoko (irailean) lasterketan daude egutegian, eta Euskaldun Torneoan dago Natxituko (maiatzean) lasterketak.
Master Saria. Bestalde, VIII. Ereñoko Master Saria martxoaren 7an (zapatua) lehiatuko dute, 15:00etatik aurrera.
Master 30, 40, 50 eta elite mailako lasterketa da, eta txirrindulariek 86,5 km-ko ibilbidea egingo dute.
Parte hartu gura dutenek www.kirolprobak.com webgunean izena eman dezakete; kategoria guztietarako izen ematea 15 euro da. 200 parte hartzaileko muga dago.