Lekuek, aniztasunaren lekuko
Udalerriak musikarekiko daukan "bizitasuna" bultzatzeko sortutako jaialdiak zazpigarren urtea beteko du aurten, eta herriko hamaika leku denetariko musikaz beteko ditu. Dagoenerako kalean dago jaialdiaren egitaraua.
Herritik herrirako sortua. Askotarikoa, txikia eta zuzena. Merkatuen toki nagusietatik kanpo, Gernika-Lumoko hamaika txoko girotzen ditu Lekuek jaialdiak, eta aurten ere, gauza bera egingo du martxoaren 7tik 14ra bitartean. Udalerriak musikarekiko daukan “bizitasuna” bultzatzeko sortutako jaialdiak zazpigarren urtea beteko du aurten, eta herriko hamaika leku denetariko musikaz beteko ditu.
Jaialdiaren filosofiak bere horretan dirau: Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei lekua egitea. Hala, musikari eta artisten aterpe nagusiak diren Astra, Iparragirre, Trinkete eta Lizeo musikaz beteko dira beste urte batez. Tabernek ere izango dute euren lekua.
Iaz, La Vegako Arrate estudioa izan zen berritasuna, eta duela bi urte, Astrako bunkerra. Oraingoan, baina, Pasealekuak hartuko du protagonismoa. Gernikarrentzat toki berezia denak sound sistem berezia hartuko du. Orain artean, ez da ezer antolatu bertan, eta herriko leku “berezi” horretan zerbait egiteko gogoa izan dute. “Berezia izango da, egun guztian zehar musikariak handik ibiliko direlako. Reggae estiloa landuko dute Dj gehienek”, adierazi du Hibai Agorria Lekuek jaialdiko antolatzaileetako batek. Martxoaren 14an izango da saioa, eta 12:00etatik 19:00etara arte iraungo du.
Hamaika estilo jorratuko ditu aurten Lekuekek. Herritarrek beste jaialdi batzuetan ikusi ezin dituzten taldeez gozatzeko aukera ematen du jaialdiak. Horrelakoa da herriko musika festa, eta aurten ere, musika eskaintza zabala prestatu dute, “espazio bakoitzaren izaeragaz bat datorrena”. Izan ere, taberna bakoitzak bere irizpidea jarraitzen du. Leku nagusiek ere, euren estiloari zintzo eutsi diote: “Aurten denetariko estiloak landu ditugu: jazz, rock, pop… Dj asko ere badaude. Zerbait falta bada hip-hop estiloa izango litzateke, baina denetarik daukagu”. Talde ezagun eta ezezagunak, herrikoak zein kanpokoak gerturatuko da jaialdira, denentzako lekua dago.
Guztira 32 talderen abestiak, eta beste hainbat Ddjren musikak entzungo dira zuzenean, eta horien artean Trinketen ariko diren Lisabo edota Pony Bravo taldeak nabarmendu dituzte. Aurten azkenenegoz parte hartuko du Trinketek Lekuek jaialdian. Lizeo Antzokiko Los Hermano Cubero, Gaizka eta Elena Setienen kontzertuak ere berezi dituzte, eta Astrara Metalfabrika bueltatuko dela jakinarazi: “Aurreko urteko etenaldia eta gero, aurten berriro datoz”. Arrate Estudioak, berriz, Dupla taldea hartuko du: “Talde modernoa da, gaur egun ohiartzuna izaten ari dena”.
Musika baino gehiago. Merkatuko toki nagusietatik kanpo dago Lekuek. Hala, estilo eta adin guztiei zuzendutako programazioa osatu dute. Asteburuetan zuzeneko musika emanaldiak izango dira protagonista, eta astean zehar, berriz, ekintzak.
Aurten lehenengoz bi liburu aurkezpen egingo dituzte. DUT taldeak egindako Sokaren itzal luzea argitan liburua aurkeztuko dute Trinketen, eta Berri Txarrak taldearen Berba eta irudia argazki bildumaren aurkezpena egingo dute Iñurri Gorria Liburudendan.
Rokumentala ere prestatu dute. Bai, bagara dokumentala proiektatuko dute, eta zuzenean joko du ikus-entzunezkoaren soinu banda Joseba B. Lenoir musikariak. “Oso interesgarria izango da, desberdina”, adierazi du Agorriak. Ikus-entzunezkoekin jarraituz, Zineklubak ere bi pelikula proiektatuko ditu: Leto eta Amazing grace. Rusiako musikari bati buruzko filma da lehenengoa, eta Aretha Franklini buruzkoa bigarrena.
Besteren artean, rock tailerra egingo dute liburutegian, eta gaztetxoei parte hartzeko deia egin diete: “Bateria eta gitarrak izango dituzte aukeran, eta instrumentuekin lehenengo kontaktua izateko aukera edukiko dute”.
Martxoaren 8a. Emakumeen Nazioarteko Eguna martxoaren 8a dela arrazoi hartuta, emakumeen balioak transmititzeko egitaraua prestatu dute. Egun horretan Djak ariko dira zenbait tabernetan, eta emakumeek abestutako musika jarriko dutela aurreratu dute antolatzaileek: “Emakumeen lanaren alde egiteko indarra hartuko du jaialdiak egun horretan”. Gainera, Musika Gida Morea ere aurkeztuko dute herritarren artean, emakumeak dituzten musika taldeen erakusleihoa den webgunea alegia.
Orain arte disko azoka zena, disko eta arte azoka bihurtuko dute martxoaren 8an, eta arteagaz zerikusia duten produktuak egongo dira tabernaz taberna.
Oraindik prestaketa lanekin dabiltza arduradunak, baina herritarrengatik jasotako bolondresen laguntza eskertu gura izan dute. “Jende askok lagundu digu. Soinu teknikariek, argazkilariek, sarreran daudenak… dena borondatez egiten dute, eta guzti hori barik jaialdiak ez luke aurrera egingo. Ilusioagaz, baina, egiten eta lortzen dugu”.
Herritarrei ekintzetan parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek eta bonoak salgai daudela gogorarazi. Arduradunek diote bonoak erostea oso garrantziotsua dela jaialdiak aurrera egin dezan: “Kontzertuetarako sarrerak eros daitezke, baina jaialdiari benetan laguntzen diotenak bonoak dira”. Horiek Astra, ospa eta Aterpen eskura daitezke, baita Bibe plataforman ere.