Irudimenaren ordua heldu da
Tradizioari jarraituz, inauteriek askotariko ekintzez beteko dituzte eskualdeko kaleak asteburuan. Ikastetxeetan martitzenean ospatuko dituzte karnabalak.
Mozorroek Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea kolorez jantziko dute egunotan. Txitxiburduntziak ospatu eta gero, badatoz inauteriak. Modu berezian bizi den jaia da aratusteena, eta tradizioari eutsiz kalera aterako dira hango eta hemengo bizilagunak. Beste urte batez, ekintzaz bete dituzte herriak.
Busturialdean, Mundakako atorrak dira famatuak. Urtero-urtero, aratuste domekaz, eskualdeko zein inguruko bizilagun asko eta asko hurreratzen dira egun pasa egitera. Martitzenean ere festa giroan batu ohi dira, eta aurten, astelehenean ere elkartuko dira. Ohiturak berreskuratu, eta iluntzean kalejira egingo dute.
20. hamarkadaz jantziko da Gernika-Lumo gaur arratsaldean, eta eatarrak baserritarrez beteko dute Eskolondo bihar. Elantxoben, berriz, lapurrek eta poliziek hartuko dituzte kaleak bihar arratsaldean; gaur mozorro libreagaz aterako dira.
Muxikarrak aurten lehenengoz, Ajuriako frontoian elkartuko dira. Muxikako Udalak Kurtzerotik herriko beste auzo batera zabaldu gura izan du jaialdia, «udalerria zabala denez, auzo guztiek aukerak izateko». Frontoia jendez betetzea espero dute.
Bermeotarrek, euren aldetik, elkartasuna adieraziko dute Vade Retro jaialdian. Sarrerak 10 eurtan daude, baina horietako bi euro Eutsi Gogor Danok Batera gaixotasun arraroak dituzten umeen elkartearentzako izango dira. Aurten, gainera, 80’s partyren hamargarren urteurrena da eta izena aldatu die jaiari. Hala, hamarkada gehiagotako musika egongo dela adierazi dute.
Ibarrangelun hurrengo asteburuan edukitzen dute hitzordua. Eguerditik eguna ilundu arte jai giro ederra izateko egitaraua prestatu dute.
Mozorro lehiaketa. Eskualdeotako herrietan, mozorro lehiaketak ere han eta hemen egongo dira. Bermeon eta Gernika-Lumon, urtero legez, tabernen mozorro lehia egingo dute. Muxikan, berriz, Ajuriako frontoiko herritarren mozorrorik onenek sariak jasoko dituzte; umeen eta nagusien kategorietan egongo dira sariak.