Eskola jantokien eredua aldatzeko, hezkuntza komunitate "osoaren" parte hartzea eskatu diote Jaurlaritzari
'Gure platera gure aukera' plataformak eskola jantokien eredua aldatzeko borondate politikoa eskatu dio behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari. Atzo, eskola jangela berriak diseinatzeko unean hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bermatzea exijitu zioten.
Gure platera gure aukera plataformak eskola jantokien eredua aldatzeko borondate politikoa eskatu dio behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzari. Atzoko agerraldian, gainera, eskola jangela berriak diseinatzeko orduan hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bermatzea exijitu zieten politikariei.
“Eskola jantokia hezkuntza-eremua izatea eskatzen dugu, eta ez bakarrik gure seme-alaben elikadura eta zaintza zerbitzu hutsa. Dagozkion lan baldintzak izan behar ditu”, adierazi zuten atzo Gure platera gure aukera plataformako kideek.
Elikaduraz hitz egiteko orduan, ikastetxe publikoen erabaki ahalmena handitzea ere gura dute, “ikastetxeek nahi duten jangela mota aukeratu ahal izateko”. Horretarako, baina, beharrezkoa dela kudeaketa osagarrirako proposamen errealak eta bideragarriak egitea esan dute.
Pelgu berriak. Eusko legebiltzarreko alderdi politikoek, urriaren 24an lau hilabeteko epea eman zioten Gobernuari jantokien plegu berriak eragileekin kontrastatzeko eta eredu deszentralizatuak aztertzeko. Horrez gain, datorren ikasturterako araudi berri bat egitea ere premiatu zuten, “kalitatea eta segurtasuna bermatzeko asmoz”.
Epea bukatzear dago, eta plataformak jakitera eman duenez, Jaurlaritzak ez du araudia aldatzeko proposamenik egin. “Azaroaren bukaeran Hezkuntza sailak kontratu berriaren zertzelada gutxi batzuk aurkeztu zizkion EHIGEri, familien ordezkaria den heinean. EHIGEk erantzun zion aldaketek ez zutela zerbitzua hobetzen, eta ordutik ez dakigu zeintzuk diren Jaurlaritzaren asmoak”, adierazi zuten atzo plataformako kideek.
Ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeari dagokionez, 2019-2023 Azpiegituren Planak zazpi ikastetxetan zazpi sukalderen eraikuntza jasotzen duela gogoratu zuten: “Eskaera gehiago daude, eta Hezkuntza saila horiek aztertzen ari da, baina ez dago konpomisorik”. Hori horrela, posiblea den ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko eskatu diote.
Gure platera gure aukera plataformatik exijitzen eta pausoak ematen jarraituko dutela diote, eskola jangela osasuntsuak, jasangarriak eta hezitzaileak lortzeko: “Gutxienez egungo lan-baldintzak bermatuko dituztenak”.