Emakume politikarien lana gogoratzeko erakusketa ikusgai dago Batzarretxean
Gernika-Lumoko Batzarretxeak ‘Emakume politikariak II. Errepubikan eta Gerra Zibilean’ izeneko erakusketa hartu du. II. Errepublikan eta 36ko Gerran emakume politikarien lana eta zeregina balioan jartzea bilatu dute.
Euren eskubideak defendatzeko beti borrokatu behar izan dute emakumeek, eta gaur egun ere, borrokatzen dute. Emakume politikarien kasua ez da desberdina, eta gerra garaian eurek egindako lana baloratzeko erakusketa jarri dute Gernikako Batzarretxean.
Gogora Institutuak utzitako Emakume Politikariak II. Errepublikan eta Gerra Zibilean izeneko erakusketa hartu du Batzarretxeak. Erakusketagaz garai tarte horretan politikariak ziren emakumeak omendu eta euren lana balioan jarri gura izan dute Batzar Nagusiek: «Euren eskubideen alde eta demokrazia defendatzeko asmoz faxismoaren kontra borrokatu ziren emakumeak, eta euren lana omendu gura izan dugu».
II. Errepublikako eta 36ko gerrako emakumeen taldeen jarduna batzen du erakusketak
Liburutegian dago ikusgai Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bultzatutako erakusketa, eta apirilaren 5era arte bisitatu ahalko da egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bitartean. Osoko bilkura dagoen egunetan, berriz, ezingo da erakusketa ikusi; hileko azken bi eguaztenetan batzen dira politikariak Gernika-Lumoko Batzarretxean.
Bizkaiko Batzar Nagusiek herritar eta bisitari guztiak gonbidatu dituzte erakusketa ikustera, «eta bide batez, Gernikako Batzarretxea bisitatzeko deia ere egin diete». Sarrera doakoa dela zehaztu dute.
Erakusketa paneletan antolatu dute, eta horietan, II. Errepublikako argazkiak, egunkarietako irudi eta berriak eta kartelak jaso dituzte; emakume horietako batzuen lekukotzak batzen dituen bideo bat ere prestatu dute arduradunek.
Emakume politikariek garai hartan batez ere Bilbon eduki zuten aktibismo politikoa erakustea da erakusketaren asmoa, eta horretarako, garaiko taldeei buruzko informazio jaso dute. «Emakume politikarien memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko helburuarekin, garai hartan izandako talde politikoen jarduna jasotzen duten panelak landu ditugu. Eta, era berean, bideo pieza batean jaso dira martxan egon ziren emakume elkarteen historia laburra eta emakume politikarien zenbait testigantza», adierazi dute Batzar Nagusietako arduradunek.
Historia. Garai hartako emakume politikarien lau talderen jarduna zein eta zelakoa izan duten jaso dute:
Emakume Abertzaleen Batza, Union Republica femenina, Fraternidad de Mujeres Modernas eta Emakume Antifaxisten Elkarteari buruzko datuak bildu dituzte.
1922an sortu zuten Euskal Emakume Abertzaleen Batza, «politikan parte hartzeko zituzten nahiak bideratzeko asmoz». Carmen Errazti izan zen lehen presidentea. 1923an bere jarduna utzi behar izan zuen II. Errepublikara arte. Izan ere, Miguel Primo de Riveraren diktadura-erregimenak legez kanpo utzi zuen taldea.
Union Republica Femenina, berriz, Clara Campoamorrek sortu zuen 1931an «emakumeak beren eskubideen jabe egin zitezen eta errepublika defendatzeko asmoz». Emakumeei zuzendutako hainbat jarduera pedagogiko egin zituzten, hala nola, hitzaldiak, musika eta poesia ikastaroak, edota errezitaldiak eta hauteskunde mitinak. Erakunde autonomo gisa eratu bazen, baina 1935ean Izquierda Republicana alderdiaren emakume taldea izatera pasatu zen.
Bere aldetik, Fraternidad de mujeres modernas taldea 1932an sortu zen Bilbon, eta besteren artean, Bilboko emakumeen arteko elkartasuna sustatzea, eta emakumeen esklubide politiko, juridiko eta sozialak defendatzea zen.
1937an, Fraternidad de Mujeres Modernas taldeak Emakume Antifaxisten Elkarteagaz bat egin zuen. 1933an sortu zen taldea Espainian Mujeres contra la Guerra y el Fascismo izenpean, baina 36ko gerra hastean, izena aldatu zuten, Emakume Antifaxisten Elkartea izena hartuz. Taldea 1937an eratu zen Bilbon. Errepublika eta Fronte Popularreko Gobernua defendatzea zen euren helburua, eta EAE-ANVko emakume komunistak, sozialistak, errepublikarrak eta nazionalistak osatzen zuten taldea. Asistentzia jarduerak landu ztuzten, eta aldizkari bat ere argitaratu zuten.
Apirilaren 5era arte bisitatu ahalko da Batzarretxean ikus daitekeen erakusketa
Errepresioa. Garai hartako emakume taldeen jarduna zein zen azaltzeaz gain, diktadura frankistan emakumeek sufritutako errepresioa zelakoa izan zen jasotzen duen panel bat ere badago erakusketan.
«Emakume elkarte guztiak, izan ezkerrekoak nahiz abertzaleak, Bilbotik desagertu ziren diktadura frankistaren garaian. Elkarte horietako kide askok erbestera alde egin behar izan zuten; beste kasu batzuetan, berriz, errepresaliatuak izan ziren, eta kartzela zigorrak jasan zituzten», dio erakusketak. Bilbon fusilatu zituzten 11 emakumeen datuak ere jasotzen ditu paneletako batek. 1937ko abuztuaren 5ean Juana Mir Garcia fusilatu zuten lehenengo, gerra kontseiluan epaitu eta gero. Ondoren beste hamar hil zituzten.
Bilboko Larrinaga espetxea gainezka zegoela ere kontatzen du, eta agintari frankistek emakumeentzako kartzela bat zabaldu zutela dio: «Ehunka izan ziren Oruetik pasatu ziren emakumeak, eta espetxeratze baldintza latzak jasan zituzten».