Merkataritza balioan jartzeko 'Nik Gernikan' sariak banatuko dituzte udalerrian
Udalerriko merkataritza eta ostalaritza balioan jartzeko 'Nik Gernikan' sariak banatuko dituzte Gernika-Lumon. Sariketan parte hartzeko deia egin diete merkatari eta ostalariei, eta hori egiteko azken eguna martxoaren 16a dela zehaztu dute.
Nik Gernikan merkataritza eta ostalaritzari zuzendutako sariak banatuko dituzte maiatzaren 27an Gernika-Lumoko Udalak eta Merkatari Elkarteak. Udalerriko merkatari eta ostalariei tokiko garapena bultzatzeko sariketan parte hartzeko deia egin diete, eta interesatuek martxoaren 16ra bitartean izena eman ahalko dutela jakinarazi dute.
Merkataritza biziberritzeko plan estrategikoak zehazten duenez, iaz 291 establezimendu zeuden udalerrian; 280 merkataritza denda, eta 111 ostalaritzakoak. Merkataritzan 751 pertsonak lan egiten dute udalerrian. Zehaztu dutenez, merkataritza dentsitateari dagokionez, Bizkaiko dentsitaterik altuena da Gernika-Lumokoa. Batez beste, %16,40ko dentsitatea dauka. Datu kuantitatiboez gain, datu kualitatiboak ere aztertu dituzte udaleko eta merkatari elkarteko arduradunek, eta merkatariak eta ostalariak direla herriko nortasunaren, bizi sozialaren eta kulturaren erakusgarri esan dute.
“Bi urte inguru daramatzagu herriko merkataritza eta ostalaritza balioan jartzeko aukerak aztertzen. Euren lana eta eskaintzen dizkiguten zerbitzuak eskertu gura dizkiegu”, adierazi du Iñigo Magunagoikoetxea udaleko turismo zinegotziak. Datu ekonomikoez gain, bizi kalitatea handia ematen dutela nabarmendu du.
Merkatari eta ostalariei zuzendutako sariak lehenengoz antolatu dituztela dio Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkarteko presidenteak, eta lehenego urteetan parte hartze handia izatea zaila dela dion arren, eurek horretarako lan egingo dutela dio: “Lehengo urtea da, eta hasieran zaila izango da jendea animatzea, baina esfortsua egingo dugu”. Gainera, horrelako sariak antolatzearen garrantziaz ere hitz egin du: “Elkartekoek uste dugu oso garrantzitsua dela horrelako sariak ematea, merkataritzaren eta ostalaritzaren esfortsua saritzeko. Horrelako proposamenek beti izango dute elkartearen laguntza”.
Lau kategoria. Lau kategoriatan banatuko dira sariak. Establezimenduen ibilbide komertziala eta Gernika-Urdaibai markak zabaltzea sarituko du batek: “Kategoria honetan betiko dendek parte hartuko dute, denok ezagutzen ditugunak. Urteak eta urteak igaro ahala martxan jarraitzen dutenak dira. Baita Gernika marka zabaltzeko balio dutenak, Gernika mugetatik at eramaten dutenak”.
Merkataritza berriari edo merkataritza berritzaileari erreferentzia egiten dioten establezimenduek ere euren kategoria izango dute. “Produktu edo zerbitzu berriak eskaintzen dituzten dendak parte har dezakete bertan. Betiko dendek ere parte har dezake, betiere ekintza berritzaileren bat prestatu badu”, azaldu du Magunagoikoetxeak.
Hirugarren kategoria auzoko merkataritza suspertzearen alde lan egiteagatik izango da. Horretan, herriko auzoren bati bizitza ematen dion merkataritza edo ostalaritza establezimendua sarituko da. Eta bikaintasuna saritzen duen kategoria ere badago: “Denok ezagutzen ditugu bikaintasuna duten denda zein jatetxeak. Horrek hartuko dira kontutan azken kategorian”.
Sarituek zeramikazko plaka bat jasoko dute, euren establezimenduetan jarri ahal izateko. Horrez gain, diploma bat ere jasoko dute. Eta sari ekonomikoa ere izango dute, 1.000 eurokoa; sari hori udalerriko zerbitzuetan gastatzeko dela zehaztu dute arduradunek.
Izen ematea. Udal arduradunek merkatari eta ostalariei parte hartzeko deia egin diete, “establezimendu askok eta askok merezi dutelako saria”. Sariketan parte hartzeko izena eman behar da, eta hori Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan egin beharko da martxoaren 16ra bitartean. Zerbitzua 07:30etik 15:00etara dago zabalik, eta 010 telefono zenbakira deituta ere izena eman dezaketela adierazi dute.
Hautagaitzak eskaintzeko momentuan laguntza izango dute merkatariek; udaleko merkataritza bulegoak zein elkarteko kideek eskainiko die laguntza hori.
Eskerrak. Magunagoikoetxeak bi urtetako proiektuan “traba eta zalantza” asko izan dituztela onartu du, eta Gernikako Merkatari Elkartea lagun izan dutela esan: “Azpimarratzekoa da euren laguntza. Sekulako inplikazioa izan dute. Euren laguntza, proposamen edo ideia barik oso zaila egingo zitzaigun sari hauek aurrera eramatea”.
Muniategik, ere, eskerrak eman dizkio udalari, “sariak antolatzeagatik”. Gernika “betidanik” merkataritza eta hostalaritzaren erdigunea izan dela esan du gainera, eta herritarren lana saritu behar dela azpimarratu du.