Omako baso margotuaren erreplika bat egin gura du Bizkaiko Foru Aldundiak
Ibarrola familiaren onespena eta adituen batzorde baten bermea jaso dituen proiektuak Agustin Ibarrolaren obra eta proiektu artistikoaren iraunkortasuna mantendu gura ditu. Foru erakundeak zabalik mandentu gura ditu Omako basoan bisitatu daitezkeen multzo artistikoak.
Oraindik ez dute erreplikaren kokapena zehaztu, baina foru erakundeak basoaren ezaugarri antzekoak dituen eta Omako basotik gertu dagoen gune batean egin nahi dutela adierazi du. Izan ere, helburu nagusia da artistak berak irangankor gisa sortu zuen multzo artistikoaren iraunkortasuna mantentzea. “Arte bizia, definizioz, arte iragankorra da. Agustin Ibarrolak bazekien hori eta hori esan zuen proiektua hasi zuenean”, adierazi du Rementeriak.
Orain aukerak bilatzeko eta baloratzeko unea dela zehaztu du Ahaldun Nagusiak, baina aukera berriek baldintza batzuk bete beharko dituztela onartu du: Omatik gertu egon beharko da; zuhaitz motei zein horien adinari erreparatuz, teknikoki erreplika egiteko egokiak izan beharko dira; bisitarientzako irisgarria den kokalekua izatea; ingurumenarekin eta Urdaibaiko erreserbarekin jarduera errespetuzkoa izatea; eta, “ezinbestean”, Agustin Ibarrola bera eta horren familia ados egotea.
Gaur egun, 61 multzo artistikori dagozkien margotutako 500 zuhaitz inguru ditu Omako basoak, eta horiei multzo horiei jarraitutasuna ematea da Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa: “Eskualdean finkatu den eta gaur egun Bizkaia osoarentzako baliabide garrantzitsu bilakatu den kultura-proposamen bati jarraipena eman gura diogu. Baso berriak Ibarrolaren esentzia osoa kontserbatuko du, eta orain gertatzen den bezala, bisitariekin duen konektibitate emozionala mantenduko du”.
Ia urtebete darama itxita Omako basoak, eta herritarrei Oma bisitatzeko debekua errespetatzea eskatu die Rementeriak. Izan ere, zuhaitzak erortzeko arriskua dagoela dio. Hala ere, Ahaldun Nagusiak aurreratu du, Omako 61 multzo artistikoetako batzuk, “ahal direnak”, zabalik mantentzeko ahalegina egin eta basoa birpopulatuko dutela: “Bisitarientzako arriskurik gabe oraindik bisitatu daitezkeen Omako multzoak zabalik mantentzea da gure helburua. Eta horretarako, lehenik eta behin arriskutsuak izan daitezkeen multzoak kendu behar ditugu. Nola ez, eroritako multzo horiek mantendu eta aprobetxatzea gustatuko litzaiguke, baina oraingoz ez dugu aurkitu bermeak eskaintzen dizkigun metodorik. Gure konpromisoa ingurumena errespetatzearena ere bada; basoak baso izaten jarraitu behar du. Hori dela eta, Omako basoa espezie autoktonoekin birpopulatuko dugu. Nork daki, agian, hemendik zenbait hamarkadetara Omako basoak berriro ere har dezakeen Ibarrolaren baso sorgindua”.