Altunak, Galarzak eta Artolak pilota biziak aukeratu dituzte barikurako
Imazek eskuineko belauna minduta dauka eta ez da gaurko pilota aukeraketan egon. Bihar erabakiko du Santanapen jokatuko duen ala ez. Sarrerak agortuta daude.
Barikuan Gernika-Lumon lehiatuko duten EPEL Eskuz Binakako Txapelketako partiduko pilotak aukeratu dituzte gaur pilotariek. Jokin Altunak eta Ladis Galarzak Iñaki Artola eta Ander Imaz izango dituzte aurkari Santanapeko pilotalekuan 20:00etan jokatuko duten partiduan.
Lau pilotarietatik hiru udalerrian egon dira goizean. Imaz ez da Gernika-Lumora gerturatu eskumako belauna minduta duelako, eta bihar erabakiko du barikuan jokatuko duen edo ez. Ez dela luzerako lesioa izango adierazi dute. “Punta-puntako atzelaria da Ander, eta ez dauka ia ordezkorik. Ez dago inor bere maila berdindu dezakeenik”, adierazi du Artolak, baina bera ordezkatzeko atzelari “oso onak” dituztela ere esan du; Mikel Larunbe edota Aitor Aranguren kasurako.
Atzelaria aldatuz gero, partidua ere aldatuko dela dio Altunak: ” Pilotari bakoitza desberdina da, eta ezaugarri desberdinak ditu. Anderrek jokatu ezean, Aitor Aragurenek jokatuko duela uste dut eta bera ere oso atzelari gogorra da”. Hala ere, Imaz hobetzea gura du, “berari irabazteko”.
Material nahiko antzerakoa aukeratu dute bi bikoteek. Esan dutenez, pilota bizien zaleak dira, eta horiek aukeratu dituzte biak ala biek. Lau pilotarietatik bakarrik Artolak jokatu du Gernika-Lumon, eta frontoi geldoan jokatzeko pilota biziak aukeratu dituela aitortu du: “Pilota biziak aukeratu ditut. Euren artean, baina, ez ziren oso desberdinak. Pilota nobleak dira, bizkorrak”. Altuna ere pozik egon da pilotekin. Hala ere, ez duela frontoia ezagutzen esan du, eta pilotak zelan “gastatuko” diren ikusi beharko duela adierazi: “Pilotak gastatu egiten dira, eta ez dakit frontoi honetan zelan erantzungo duten, baina ez dago aitzakiarik”.
Bi jardunaldi falta dira binakakoaren lehen ligaxka amaitzeko, eta lehenengo eta azken postuak izan ezik, beste guztiak erabakitzeke daude oraindik. Ezusterik ezean, Jaka-Zabaleta bikotea izango da lehena, eta zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkara; bi partida galdu eta 10 irabazi dituzte. Horien atzean, Ezkurdia eta Martija daude, zortzi garaipen eskuratuta. Eta hirugarren eta laugarren postuan, berriz, Altuna-Galarza eta Artola-Imaz zazpi garaipenegaz.
Hori horrela, norgehiagoka “berdintsua” izango dela etzikoa aurreikusi du Iñaki Artolak. Izan ere, aurrez aurre jokatu zuten azken partidua 22-20ko markagailuagaz irabazi zuten Altunak eta Galarzak. “Azken partidua oso gogorra izan zen, oso berdindua. Biok ondo jokatzen badugu partidu antzekoa izango dela uste dugu”, esan du Artolak. Bi bikoteetako inork ez du ematen partida hausteko bikotea denik: “Gogor borrokatuta irabazten ditugu partiduak bi bikoteek. Oraingoan ere argi dugu irebazteko lan asko egin beharko dugula”.
Altunak ere partidu berdintsua espero du, eta txapelketa ere horrelakoa izaten ari dela dio: “Txapelketa honetan partidu gehienak horrelakoak ari dira izaten. Iñaki eta Anderren kontrakoa horrela izan zen, eta barikukoa ere gogorra izango dela uste dut”.
Aurkariei begiratuta, Altuna saihestea bilatuko du Artolak: “Altuna tartean dagoenean, beti saiatzen gara bera saihesten, aurrean arrisku handia du-eta. Baina aldi berean badakigu arriskatu egin beharko dugula, irabazteko tantoak bukatu behar direlako”.
Altunak eta Galarzak, berriz, atzean agindu gura dute, eta aurrean asmatu. “Ahalik eta opari gutxien egin behar ditugu. Eurek ez dituzte opariak egiten, oso bikote gogorra dira”.
Sailkapena. Hirugarren eta laugarren postuan daude bi bikoteak, eta bi jardunaldiren faltan bigarren postua eskuratzea zaila bada ere, itxaropena dute. Horretarako, euren aurrez aurreko partiduak irabaztea “beharrezkotzat” jo dute biek ala biek. “Azken jardunaldira arte ez dago ezer argi”, diote pilotariek. Altunak bigarren postua lortzeko itxaropena dauka: “Denek diote Ezkurdia eta Martijarentzat izango dela bigarren postua, baina nik heltzeko itxaropena daukat. Guk gurea egin behar dugu, eta gero ikusi. Baina garrantzitsuena irabaztea da”.
Artolak, berriz, etziko partidua sentsazioak berreskuratzeko baliagarria izan daitekeela uste du: “Azken jardunaldira arte ez da ezer argi egongo, baina gu irabaztera aterako gara. Puntua lortzea oso ona izango litzateke, bai saikapenerako zein nire sentsazioak berreskuratzeko”.
Santanapeko frontoia beterik aurkituko dute etzi. Arkupe Esku Pilota Taldekoek jakitera eman dutenez jadanik sarrera guztiak salduta daude.