Bizkaibuseko A3513 eta A3523 lineak Intermodalean geratuko dira
Gaurtik hasita, Bizkaibuseko A3513 eta A3523 lineak ez dira Kaputxinoak kaletik igaroko, eta Bilboko Intermodalean bukatuko dute ibilbidea.
Bizkaibusek Bizkaiko foru zerbitzuetako hiru linearen irteera tokia lekualdatu du. Hori horrela, aurrerantzean, eskualdeotatik igarotzen diren A3513 eta A3523 lineek eta Bilbotik Galdakaora doan A3930 lineak ez dute zerbitzurik emango Bilboko Kaputxinoak kalean, eta Bilboko geltoki Intermodaleko lur azpiko dartsenetan hasi eta bukatuko dira.
Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako diputatuak adierazi duenez, iazko azaroaren 27an inauguratu zen geltoki Intermodala eraikitzeak Bizkaibuseko hiru linea horiek eragingo ditu. A3513 eta A3523 lineak dira Lea-Artibai eta Busturialdetik igarotzen direnak. Lehenengoa Bilbotik Lekeitioraino doa Eatik pasatuz, eta besteak Bilbotik Lekeitiorainoko bidea egiten du Aulestiatik. Hirugarrena, berriz, Bilbo eta Galdakao autopistatik lotzen dituen autobus zerbitzua da.
Ibilbide luzeko autobusen eta Bizkaibuseko hainbat linearen geltokia da Intermodala, eta horrez gain, lotura dauka alboan dituen Bilboko Metroaren geltokiarekin, Renferen aldirietako trenen geltokiarekin eta Bilboko tranbiarenarekin.
Geltokian tornuak daude, eta horiek igaro beharko dituzte bidaiariek. Zehaztu dutenez, bidaiariak ezingo dira sartu autobusera igotzeko 15 minutu baino gehiago falta badira.
Komunak langileentzat. Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako batzordearen saioa EH Bilduk eskatutako agerraldiagaz hasi zen barikuan, Aldundiak Pesalur esleipendunaren Berdintasunerako batzordeak egindako eskaeiari erantzunez.
Eskaera horretan, Bizkaibusen hainbat linearen hasierako eta bukaerako geralekuetan komun mistoak instalatzea eskatu zuten. Eskarian, hiriburuetatik urrun dauden geralekuak aitatzen ziren. “Izan ere, hiriburuetatik urrun dauden geltoki horietan zaila da inguruan komun bat topatzea, emakume gidarien beharrei erantzuteko, batez ere”, zehaztu zuen Raul Mendez koalizio abertzaleko batzordekideak batzarrean.
Miguel Angel Gomez Viar diputatuak, berriz, eskaera euren enpresen bitartez bideratzeko esan zien langileei: “Gai hori erlazioen esparruan landu beharra dago. Eta enpresari dagokio arazo horiei erantzutea”. Dena dela, diputatuak ez du etorkizunean aldaketaren bat egiteko aukerartik baztertu, “eskaria bidezkoa delako”. Hala ere, Aldundiak gai hori ez duela bere betebeharren barruan sartu jakinarazi die langileei.