Barrutiko ikasleekin albisteak landu dituzte Hitzako kazetariek
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin ordubeteko bi saio egin dituzte, eta barikuan beste bi saio egingo dituzte 3. mailako ikasleekin.
Busturialdeko Hitzako kazetariak Barrutiko Herri Ikastetxean egon dira gaur goizean. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin ordubeteko bi saio egin dituzte, eta batzuekin zein besteekin albisteak aztertu dituzte.
Albisteen ezaugarri nagusiei buruzko azalpenak entzun, eta egunkarian agertzen diren beste testu tipoekin alderatu dituzte. Besteren artean, titularren eta azpititularren arteko desberdintasunez eta argazkien garrantziaz hitz egin dute.
Gainera, barikuko egunkariak eskuetan zituztenez, iritzi artikuluen, erreportajeen eta elkarrizketen ezaugarri nagusiak aztertu dituzte. Eta barikuetako egunkarian kultur ekitaldiez betetako agenda argitaratzen dutela ere kontatu diete kazetariek.
Barrutiko ikasleek euren jakimina asetzeko zituzten galderak egin dizkiete kazetariei, eta horrela, kazetarien eguneroko lana gertutik ezagutu dute. Busturialdeko Hitzaren sare sozialak ( facebook, twitter , Instagram eta YouTube ) ere arakatu dituzte, eta webguneko argazki galeriak eta bideoak ikusi.
Hurrengoa, barikuan. Gaur goizean LHko 4. mailakoekin egon dira kazetariak, baina beste bi saio egingo dituzte barikuan. Aste bukaerako saioetan, baina, LHko 3. mailako ikasleekin egongo dira. Lehenengo saioa 10:00etan izango da, eta bigarrena, berriz, 11:30ean.