Zirkua edonon, denentzat
2014an zabaldu zuten Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola, Gautegiz Arteagan. Bertan eskolak emateaz gain, tailerrak eta erakustaldiak egiten dituzte herriz herri.
Baserria zirku eskola bihurtu zuten Elssie Xalbadorrek eta Keko Salvadorrek. Gautegiz Arteagako baserri batera bizitzen joan, eta hango kortan sortu zuten Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola. Hiri handietakoen aldean, herri nortasuna eta kutsua eman nahi zioten. Txitatoki izena aukeratu zuten, zerbait jaiotzen zegoelako.
Iruñeako Oreka Zirko Eskolan ezagutu eta bi urtez egon ostean, familia osatu nahi zutela-eta, Urdaibaira etortzea erabaki zuten. Hemen ez zegoen zirkurako mugimendurik. “Sortu behar zen. Guretzat eskualdean zabaltzea eta zirkuari kutsu hori ematea garrantzitsua zen. Gernikan zein Bermeon dantza, antzerkia, futbola… ia edozein gauza egin daiteke, baina, zirkua egiteko Bilbora joan beharra zegoen. Herriari eta inguruari beste aukera bat eman gura genien”. Eskolaren jaiotze prozesua emozioz gogoratzen dute. 2014ko otsailean etxera sartu eta ekainerako prest edukitzea zen euren asmoa. Aste Santurako dena eginda zeukaten. “Deialdia egin, eta auzokide asko etorri ziren laguntzen; eskertzekoa da. Etorritako askok euren umeak apuntatu zituen eskolara. Gugan konfiantza erakutsi zuten; hori herri txiki baten soilik lortu ahal duzu. Espero baino erantzun hobea eduki zuen eskolak”, dio Xalbadorrek. Udalagaz aurretik ere zenbait tailer egindakoak ziren: “Eskolagaz hasi aurretik ezagutzen gintuzten”.
Salvador Madrilera joan zen Zirkoaren Pedagogia unibertsitate gradua egitera, eta orduan, zelanbaiteko etenaldia egin zuten. “Zapatuetan soilik ematen genituen eskolak. Laugarren urtean praktikak hemen egiten egon nintzenez, 2018an hasi ginen astegunetan eskolak eskaintzen”.
Euren egoitzan ez ezik, eskualdeko zenbait ikastetxetan ematen dituzte eskolak: “Aurreko ikasturtean, 6-7 talde izan genituen eta orain 15 ditugu”. Euskal Herriko txokoak ere zeharkatzen dituzte, ikastaroak zein erakustaldiak ematen.
Lortu dutenagaz pozik daude. “Hemen ia inork ez zuen ezagutzen mundu hau; ez zekien zirkoa praktikatu daitekeenik. Zirkua urtean behin etortzen zen gauza bat bezala ikusten zuten, eta orain behintzat badakite zer den eta hemen egin ahal dela”.
Dantza edota antzerkia, bezala, zirkua ere denena izan behar dela uste dute. Eskola herriarena, herrikoia izatea da euren nahia. Hazten joan den proiektua da eurena. “Eskola handitzen doa; hau txiki geratu zaigu, eta Gernikan espazio egoki baten bila gabiltza. Jendeak zirkua bere bizitza hobetzeko tresna modura ikustea eta onartzea da gure zeregina”.
Zirkuan teknika asko daude. “Talde baten barruan ezin dira mailak zehaztu. Batzuk gauza batean izango dira trebeagoak eta beste batzuk beste gauza batean. Batak dituen abileziak beste batek dituenak bezain garrantzitsuak dira, eta ez dira alderagarriak. Badakigu bakoitzagaz zer landu behar dugun, bakoitzari zenbat eskatu. Bakoitzaren erritmoen arabera lan egiten dugu”.
Tailerrak, aldiz, zirkura gerturatzeko saioak dira, dibertitzeko, jolasteko eta esperimentatzeko, “ez dago adin mugarik”.
Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan zirku soziala lantzen dute batik bat. Norberaren onena ateratzea da zirkuaren helburu nagusietako bat, eta baita bakoitzak bere esentzia bilatzea ere. “Zirku sozialak dio gizartean denok garela gai eta beharrezkoak, eta denon ekarpenekin taldea hobetzen dugula. Ez dago solik ikuskizunera bideratuta. Pertsona, taldea eta gizartea hobetzen duen jarduera da. Zirku soziala gizartea hobetzeko balio duen erreminta da” .
Sasoian egoteko, jolasteko, dibertitzeko, lotsa kentzeko, oreka lantzeko… zein bere helburuak lortzeko aukera ematen duela azpimarratu dute. “Ez da soilik zirkua ikastea. Erreminta pedagokikoa da; zirkuaren teknika eta erremintekin, ikuspegi pedagogiko egokituak lantzen ditugu”. Zirku irakasle izateko aukerak dituzten ikasleak zein zirkuan lan egin nahi dutela argi daukatenak dituztela diote. Esaterako, Olatz Armaolea gernikarra euren ikaslea izan zen eta Zirku Italiarreko partaidea da 2016tik.
Zirkuarekin gauza asko landu daitezkeela erakusten dute: “Europan badute esperientzia. Adibidez, Frantzian eskola batzuk ospitaleetan daude; hamarkadetako esperientzia dute horretan” dio Salvadorrek. Zirkua eta alzheimerra batzen dituen proiektua gauzatzea da bere ametsa: “Dantzak gaixotasunean dituen onurei buruzko formakuntza jaso nuenean, konturatu nintzen gauza bera landu ahal zela zirkuaren bitartez. Madrilen heziketa bereziko eskola batean egon nintzen zirku eskolak ematen, eta esaterako, Sindrome de down duten pertsonentzat ere oso onuragarria da”.
Zirkua eskola kirolean sartzeko proposamena aurkeztu berri dute aldundian: “Lehiakorra ez bada, kirola ez dela diote. Baina, heziketa fisikoaz mintzo direnean, ohitura osasuntsuekin gizartea hobetzen dela diote. Gureak ohitura osasuntsuak planteatzen ditu eta ez dute kirol legez hartzen, lehiakorra ez delako. Zeri ematen diote lehentasuna? Kirola lehiatzeko da edo gizartean ohitura osasuntsuak sortzeko? Inoiz kirol munduan sartuko ez ziren pertsonak guregana datoz. Zirkuan norberak bere buruari exijitzen dio hobetzea. Norberak ezartzen ditu lortu nahi dituen helburuak”.
Zirku eskolen sarea
Txitatoki Urdaibai Zirko Eskola Zirkugintzaren barruan dago. “Zirkoaren kooperatiba artistikoa da; gure euritakoa da”. Euskal Herriko Zirko Elkartearen parte ere bada eta Bizkaian zirko eskola denen artean sare bat osatzea dute helburu: “Azken hiru urteetan, eskola asko sortu dira. Getxon, Barakaldon, Bilbon eta Durangon daude. Zirkua hasiko bada, denok eraikitzen ari garelako izango da. Eskaria dago; gizarteak eskatzen duela ikusten da”.
Espainiako Zirku Sozialen Eskolen Federazioaren kideak ere badira. Hezkuntza programa bakarra sortzen ari dira oinarrizko maila batean hezitzaileak hezteko eta eskoletan ezartzeko. “Txitatokiren plan pedagokikoa europar ereduaren egituran eta metodologian oinarrituta dago. Frantzia eta Alemania bezalako herrialdeekin alderatuta, oso hurrun gaude”.