Muruetak 600 kiloko finala jokatuko du Ibarran
Gizonezkoen sei taldek jokatuko dute 600 kiloko finala, eta emakumezkoen taldeak, berriz, 500 kiloko bigarren jardunaldia ariko dira.
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, gizonezkoen taldeek 600 kiloko finala jokatuko dute bihar, 17:00etatik aurrera, Ibarrako Belabieta Kiroldegian. Emakumezkoek 500 kiloko bigarren jardunaldia lehiatuko dute.
Murueta 600 kiloko finalera sailkatu diren sei taldeen artean dago. Busturialdeko taldeaz gain, Beti-Gazte, Ibarra, Gaztedi, Berriozar eta Txantrea ariko dira txapela lortzeko borrokan; Antsoain finaletik kanpo geratu da.
Aurreko bi jardunaldietako emaitzak batuta, Beti-Gazte talde nafarrak eskuratu ditu puntu gehien: 13 puntu. Atzetik geratu dira Ibarra eta Gaztedi, 12 eta 10 puntugaz, hurrenez hurren, eta Muruetak 8 puntu bildu ditu.
Otsailaren 1ean Dulantzin lehiatu zuten bigarren jardunaldia eta bertan, Murueta hirugarren sailkatu zen, Ibarraren eta Beti-Gazteren atzetik.
Emakumezkoen 500 kiloko kategorian sei talde hauek ari dira: Gaztedi, Badaiotz, Txantrea, Beti-Gazte, Ibarra eta Antsoain. Lehenengo jardunaldian Badaiotz talde arabarra izan zen onena, eta Txantrea eta Beti-Gazte nafarrak bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Txapelketaren amaiera. Hurrengo asteburuan Nafarroan amaituko dute 2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Zapatuan [otsailak 15] Berriozarren elkartuko dira taldeak. Gizonezkoek 560 kiloko jardunaldi bakarra lehiatuko dute eta emakumezkoek 500 kiloko finala. Biharamunean, 580 kiloko saio bakarra egingo dute talde mistoek.
Otsailaren 19tik 23ra, ostera, Munduko Txapelketa jokatuko dute Irlandan.
Beste urte batez, “medaila artean egoteko helburuagaz” ari dira Muruetako taldekideak, eta momentuz, brontzezko domina lortu dute 640 kilotan. 2019ko txapelketan, txapeldunorde geratu ziren 600 kilokoan eta 640 eta 560 kilotan brontzezko domina irabazi zuten.