Kosnoaga esku bete dominagaz bueltatu da Bizkaiko neguko txapelketatik
Hamabost domina lortu dituzte eta beste behin, Aimar Ondarza Lopez igerilariak Bizkaiko errekorra hautsi zuen 100 metroko bizkar proban.

Gernika-Lumoko Kosnoaga igeriketa taldeko kimu eta gazte mailetako igerilariek Bizkaiko Neguko Txapelketa lehiatu zuten aurreko asteburuan, Galdakaoko Urreta Udal Igerilekuan. 18 talde bizkaitarrek parte hartu zuten.
Txapelketan parte hartzeko gutxieneko denborak bederatzi neskek eta mutil bakarrak lortu zituzten. Horietatik zortzi izan dira gazte mailakoak eta bi kimu kategoriakoak. 36 probetatik 18 probatan parte hartu eta 15etan podiuma egitea lortu zuten.
Banakako probei dagokienez, 6 urrezko eta 7 zilarrezko domina irabazi zituzten. Gainera, oraingoan ere Aimar Ondarza Lopez igerilariak Bizkaiko errekorra hautsi zuen 100 metroko bizkar proban.
Errelebo probetan, berriz, neskek zilarrezko bi domina eskuratu zituzten (4 x 200 m eta 4 x 100 m libretan). 14-15 urteko gazte-mailan, neskak hirugarren postuan sailkatu ziren. “Datu hau azpimarragarria da, kontuan izan behar baita adin horretako 7 igerilari soilik eraman zituela Kosnoaga taldeak”, adierazi dute taldearen ordezkariek.
Taldekide guztiek egiten duten lana nabarmendu dute: “Asteburu honetako emaitzak igerilarien eta euren entrenatzaileen eguneroko lan gogorraren fruitu argia dira, euren familien sostengua paregabea ahaztu gabe. Izan ere, Kosnoagako igerilarien familiek kamiseta gorriz eta txaloz estali zituzten Galdakaoko igerilekuaren harmailak”.
Txapelketa gehiago. Hurrengo asteetan txapelketa gehiagotan ariko direla jakitera eman dute. Hain zuzen, Autonomia Erkidegoetako Junior-Gazteen Txapelketa eta Bizkaiko zein Euskal Herriko junior eta absolutu mailetako neguko txapelketak lehiatuko dituzte.