Pauso txikiak emanez, urtez urte handitzen
Hamargarren urteurrenaren jaialdia ospatu zuten zapatuan Natxituko Haizeder eskolako kideek. Hala, giro bikainean murgildu ziren Natxitura bertaratutako ehun lagun inguruk.
Otsailaren lehenengoa egun seinalatua da Natxituko Haizeder eskolako ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Duela hamar urte zabaldu zituen lehenengoz ateak, eta zapatuan urteurren jaialdian batu ziren.
Ehunka lagun gerturatu ziren Natxituara, eta “giro bikainean” egun ederra igaro zutela adierazi du Erruki Aberasturi Haizeder eskolako zuzendariak: “Jendearen erantzunagaz oso pozik gaude”. Gurasoen erantzuna ere “bikaina” izan zela dio: “Eskolako gurasoei euren parte hartzea eskatuz gero, bikain erantzuten dute. Inplikazioa sekulakoa da, parte hartzailea”.
Zortzi ume zituen Haizederrek 2010ean, eta 32 ditu orain. Ikasle horiek, euren gurasoak eta herriko biztanleak batu ziren. Bai eta Eako, Ibarrangeluko eta Elantxebeko alkateak ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzako ikuskaria eta berritzeguneko ordezkaria ere egon ziren bertan.
Inguruko herrietako alkateei landare haziak eman zizkieten Haizederreko ikasleek, euren herrietako umeak bertan haziko diren seinale: “Landareak ereiteko esan zieten, euren herrietako umeak eskolan haziko direlako”.
Lehen “haziak”. Urteurrenaren jaialdian, gaur egungo zein duela hamar urtekoak batu ziren. Eta eskolako lehenengo irakasleak, gurasoak eta umeak duela hamar urtetako gogorapenak kontatu zituzten jendaurrean.
Hamar urteko ibilbidea errepasatzeko, gainera, urteetan egindakoak jasotzen zituen argazki erakusketa jarri zuten eskolan bertan.
Gero, musikak eta dantzek girotu zuten eguna. “Haizeder eskolak abesti propioa dauka, eta abestiarentzako koreografia prestatu zuten ikasleek, eta jendaurrean aurkeztu zuten zapatuan”, azaldu du Aberasturik.
Hori eginda, Natxituko plazara joan ziren, eta EinGo dantzan eta kantan taldeagaz gozatu zuten: “Lehenengo guraso eta ikasleei zuzendutako dantzak erakutsi zituzten dantza taldekoek, eta gero, Ermintxon trikitixaren doinuekin egon ginen”.
Poteoa bukatuta, Bolatokian bazkaldu zuten 110 pertsona inguruk. Arratsaldean, berriz, umeentzako puzgarriak eta txokolate jana izan ziren protagonistak.
Lokalizazioa. Haizeder eskola pauso asko eman ditu hamar urtetan, baina gehiago eman gura ditu. Izan ere, eusko Jaurlaritzari Lehen Hezkuntza ezartzeko eskatu diote. Joan den astean delegaritzako ordezkariekin batzartu ziren ikasleen gurasoak, eta oraindik hainbat kontu zehaztu behar dituzten arren, “baiezkoa” eman zieten: “Aurrerantz doan eskaria da. Delegaritzakoek baiezkoa eman zuten, baina oraindik hainbat gauza zehaztu behar dira”. Momentuz, Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko umeen zonifikazioa lortu dute.