Hezeguneen egunak 400 bisitari batu ditu Urdaibai Bird Centerren
Mundu mailako hezeguneen eguna ospatzeko asmoz, inoizko bisitari gehien gerturatu ziren Urdaibai Bird Centerrera domekan. Goizetik hasi ziren ekintzekin, eta hezeguneek biodibertsitaterako duten garrantzia landu zuten.
Mundu mailako hezeguneen eguna ospatu zuten domekan Urdaibai Bird Centerren. Eguna lagun, inoizko bisitari gehien gerturatu ziren Gautegiz Arteagara; guztira, 400 lagun inguru batu zirela diote zentroko arduradunek: “Eguna lagun izan genuen, eta horrek zentrora inoizko bisitari gehien hurbiltzea eragin zuen”.
Hezuguneen eguna ospatzeko goizetik hasi ziren ekintzekin. Hezeguneen ezagutzarekin eta azterketarekin lotutako alderdiak azpimarratu zituzten lehenengo, eta ekosistema horiek biodibertsitaterako duten garrantzia landu zuten gero: “Ekosistema horiek biodibertsitaterako garrantzi handiko eremuak dira, eta euren eginkizuna ere azpimarragarria da, batez ere, Europako uretako hegaztien migraziorako, negualdirako eta hazkuntzarako”.
Azalpenak emanda, Bird Centerra gerturatutako familia eta norbanakoek Urdaibaiko padurak eskaintzen zuen ikuskizunagaz gozatu zutela diote arduradunek, “hezegunea betetzen zuten hegaztiak protagonistak zirelarik”. Besteren artean, hegaztiak, ahate amorratuak, harriak, frisoak, espatulak eta aintzira zulotsua izan ziren aktore nagusienetako batzuk.
Eraztun zientifikoak. Eguraldia lagun izan zutenez, eraztun zientifikoen erakusketa egin zuten. Hori horrela, hegazti txikiei eraztunak zelan jartzen zaizkien ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek: “Hurbildutako guztiek interes handiz jarraitu zituzten azalpenak”.