Ezustekoak ematen jarraitzeko indarragaz
Lointek Gernika Bizkaiak eta Valencia Basketek otsailaren 19an jokatuko dute Malosten Eurokoparen final-zortzirenetako joanekoa eta bueltakoa 26an izango da.

Eurokopan final-zortzirenetan eta ligan bigarren. Denboraldi historikoa eta berezia bizi dute Lointek Gernika Bizkaia osatzen duten guztiek. Harro daude, eta hankak lurrean badituzte ere, marea granateak daroazen lekura hegaz doaz. Partiduz partidu doazela azpimarratu du Naiara Diez kapitainak: “Partiduak jokatu, historia egin eta hurrengo partiduari begira gaude”. Horrela laburbildu du azken hileotan bizi dutena.
Erronkaz erronka ari dira, talde sendoa osatuta. Eurokoparen final-zortzirenetara ailegatzea balentria da eurentzat, duda barik. Final-hamaseirenetan KSC Szekszard talde hungariarra mendean hartu dute (joanekoan 91-73 irabazi zuten talde gernikarrak eta bueltakoa 79-75 galdu), eta Valencia BC da hurrengo aurkaria. Joanekoa etxean lehiatuko dute otsailaren 19an [eguaztena], 20:00etan. Bueltakoa hilaren 26an izango da, ordu berean. Bi taldeak paretsu ari dira ligan, eta beraz, biak ala biak ezustekoa ematen saiatuko dira, hurrengo fasera pasatzeko.
Hain zuzen, barikuan [urtarrilak 31] talde valentziarraren kontra lehiatu zuen Endesa Ligaren 19. jardunaldia, Malosten, eta bi puntuko alde estuagaz nagusitu zen (91-89). Lehen itzulian, 6. jardunaldian lehiatu ziren eta orduan ere alde estua egon zen; 66-63 irabazi zuen Valencia Basketek.
Emakumezkoen Ligako taldeek atsedenaldia daukate asteburu honetan. Perfumerias Avenida liderrarengandik bi puntura, Lointek Gernika Bizkaia sailkapeneko bigarrena da. 34 puntugaz berdinduta dago Spar Citylift Gironagaz, eta Valencia BC da laugarrena, 31 puntugaz.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren berbetan, “intentsitate handiko denboraldi magikoa, ikaragarria eta oso bizia izaten ari da”.

Taldekideak urtarrilaren 30ean, Hungarian. Argazkia: Gernika KESB.