Saharara bidaltzeko 7.809 kilo jaki batu ditu Besaldek
Piztu Itxaropena XVI. Euskal Karabana Solidarioa Busturialdean eta Euskal herriko beste hainbat herritan egindako janari bilketagaz abian jarriko da otsailaren 29an.
Besaldek, Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak, Euskal Karabanarako jakiak batu ditu Busturialdean, eta batutakoaren berri eman du. Aurten 7.809 kilo jaki batu dituztela azaldu dute elkarteko ordezkariek.
Bermeo, Mundaka, Busturia, Muxika, Kortezubi, Gautegiz Artega, Ea eta Gernika-Lumoko denda eta hezkuntza zentroetan jarri zuten abian elikagai bilketa. Joan den zapatuan (urtarrilak 25) kargatu zuten kamioia eskualdean batutakoagaz. Jakinarazi dutenez, aurten Ean batutakoa ere kargatu dute kamioian. Bildutakoa Sahararen Aldeko Koordinadorak Bilbon duen biltegi nagusira eraman zuten.
Besaldekoak “oso oso pozik” agertu dira eskualdeko herritarrek emandako laguntzagaz. Batutako janariaz gain, partikularren diru laguntzak ere jaso dituzte; 560 euro, guztira. Diru hori janariak eta konpresak erosteko erabiliko dutela adierazi dute.
Kanpainan parte hartu duten norbanako, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei eskerrak eman dizkiete.
Piztu Itxaropena XVI. Euskal Karabana Solidarioa Busturialdean eta Euskal herriko beste hainbat herritan egindako janari bilketagaz abian jarriko da otsailaren 29an, Donostiatik.