Busturiarrekin albisteak aztertzen
Busturiko JM Uzelai ikastetxea bisitatu du goizean Busturialdeko Hitzaren lantaldeak.
Busturialdeko Hitzaren kazetariak Busturiko JM Uzelai ikastetxean egon dira goizean. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleekin egin dute ordubeteko saioa.
Albisteak izan dituzte hizpide. Informazio iturriei eta albisteen ezaugarri nagusiei buruzko azalpenak entzun dituzte. Horrekin batera, gaurko egunkarian bilatu dituzte albisteak.
Busturiarrek kazetarientzat prestatuta zituzten galderak egin dizkiete. Horrela, kazetarien eguneroko lana gertutik ezagutu dute. Era berean, Busturialdeko Hitzaren sorrerari zein bilakaerari buruz ere aritu dira.
Gainera, gaurko egunkariak eskuetan zituztenez, iritzi artikuluen eta albisteen arteko desberdintasunak ere ikusi dituzte. Barikuetako egunkarian kultur ekitaldiez betetako agenda argitaratzen dutela ere kontatu diete kazetariek.
Egunkariari buruzko azalpenez gain, busturialdea.hitza.eus webguneaz ere berba egin dute eta horko edukiak zabaltzeko sare sozialak erabiltzen dituztela kontatu diete.