Paradisu txiki baten nostalgia
Pedro Durana zinegileak Derioko Seminarioan emandako urteak gogoratu ditu Doru Ionut Prisacariurekin elkarlanean zuzendutako ‘Seminario’ dokumentalean.
Zinemaren historiako pelikula garrantzitsuenetako bat da 1941ean Orson Welles zinegileak zuzendutako Citizen Kane. Charles Foster Kane (Wellesek berak haragituta) hiritarraren istorioa kontatzen du, gurasoek bakarrik utziko dutenetik gizon boteretsu bilakatuko den arte. Filma, ordea, pertsonaiaren heriotzaren eszenarekin hasiko da, eta hark zendu aurretik esandako Rosebourd hitzaren esanahiaren bila dabiltzan kazetarien ikerketaren– Kane hiritarra gertutik ezagutu zuten pertsonei egindako elkarrizketak–bidez ezagutuko du ikus-entzuleak protagonistaren bizitza. Bada, umezurtz gelditu zenean, haurtzaroa ezustean eten zitzaion Kane hiritarrari, inozentzia galdu zuen momentu hartan.
Ia 80 urte beranduago, Pedro Durana zinegile gernikarrak Citizen Kane filmak jorratzen duen hausnarketa nostalgikoa bere egin, eta 60ko hamarkadan Derioko Seminarioan bizitako bederatzi urteak gogorarazteko erronkari heldu berri dio Seminario dokumentalean. «1961ean sartu eta 1970era arte egon nintzen bertan. Aldaketa soziopolitiko eta kulturak oso garrantzitsuak bizi izan genituen Euskal Herrian garai hartan, Bilboko Elizbarrutian ere eragina izan zutenak. Citizen Kane filmarekin lotura eginez, Derion emandako urteetako esperientzia propioa kontatu nahi izan dut, nik ere, Kane hiritarrak bezala, inozentzia horren galera bizi izan bainuen seminarioko lehen urteak igaro eta gero».
1963an elizgizonek egin zuten Vatikanoko II. Kontzilioaren aurretik, erakunde itxi bezain onirikoa zen Eliza. Horrela uste du Duranak: «Kaleak oihana zirudien, pobrezia zen nagusi, basakeria, oldarkortasuna; seminarioan baino ezin zitekeen ganorazko hezkuntza eredugarri bat jaso. Han eman nituen lehen bi urteetan paradisuan nengoela uste nuen. Elkartasunean zein diziplinan hezi gintuzten, oinarrizko balioen inguruko hausnarketa egitera bultzatu gintuzten».
Baina paradisu txiki hori pixkanaka-pixkanaka lausotzen joan zitzaion. Izan ere, aipatutako Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean, Elizak ateak ireki zituen, eta Duranak kanpoko errealitate horrekin topo egin zuen: «Inozentzia primitibo hori galdu nuen, eta konturatu nintzen errealitateak desirak eta ametsak kolpatzen dituela. Kane hiritarrari egindako erreferentziarekin, egin dudan dokumental hau zoriontsu izan nintzen urte haietara itzultzeko bidea izan zitekeela iruditu zitzaidan. Bide batez, irakasle eta ikaskideei omenaldi txiki bat egin nahi izan diet».
Hausnarketa kritikoan oinarritutako hezkuntza sistema aurrerakoia eta pribilegiatua izan zutela gogoan du Duranak, frankismoaren baitan zegoen erakundea izanik, kontraesankorra badirudi ere, irakasleek kontrol zorrotzik jasaten ez zutela azpimarratu du: «Irakasle gehienak atzerriko unibertsitateetatik zetozen, eta askatasunaren ardura beregain zuten».
Hausnarketa kritikoan oinarritutako hezkuntza sistema aurrerakoia eta pribilegiatua izan zutela gogoan du Duranak
Esperientzia pertsonaletik abiatu bada ere, Duranak ez du filma berak bakarrik zuzendu. Aurreko lanetan muntatzaile izan duen Doru Ionut Prisacariu kidea izan du aldamenean. «Doruk ez zuen garai hura bizi izan, baina elkarrekin zuzendu dugu dokumentala. Bere ekarpena ezinbestekoa izan da niretzat, izan ere, bere ikuspuntua oso bestelakoa da eta filmaren barne erritmoa fintzen izugarrizko lana egin du».
Diziplinaren garrantziaz mintzo da Seminario, bakoitzak bere denbora kudeatzen ikastearen beharraz. Baina baita euskarak zuen presentziaren bilakaeraz, sexualitateaz, espiritualitateaz eta denbora librean burutzen zituzten ekintzez ere.
Dena sartu nahiaren inpultsoak baretzen lanak izan ditu Prisacariuk; izan ere, Duranak gaztetan Derion eman zituen bederatzi urteetako bizipenak 70 minutu eskasetan erakutsi dituzte zuzendariek: «Gai asko jorratu nahi izan ditugu, eta bakoitzari dagokion tartetxoa eskaini. 70 minututan ez dago horretarako aukera askorik. Pedrok eta nik asko eztabaidatu dugu, zer sartu, zer kanpoan utzi… Konfiantza itsua du nigan, eta asko eskertu dit gu bion arteko belaunaldien arteko aldeak dakarren begirada ez kutsatua».
«Orain arte egin dudan lanik zailena eta ausartena da, dokumentalak berak ezarri digu jarraitu beharreko bide-orria», aitortu du Duranak. Urtebetean 28 pertsona (ikaskideak, irakasleak, katedratikoak, historialarak…) elkarrizketatu ditu Prisacariurekin batera, eta guztira 30 ordu erregistratu dituzte.
Elkarrizketatuak adin nagusiko pertsonak izanik ezin izan dute pentsatuta zuten tokietan grabatu, askok mugikortasun arazoak dituztelako: «Beraien etxeetara banan-banan joan behar izateak denbora asko kendu digu, eta ekoiztetxeen laguntzarik izan ez dugunez guk ordaindu behar izan ditugu gastu guztiak», azaldu du Prisacariuk. Prozesu guztian zehar, gainera, Gernikako Zineklubeko kideenaz gain, ez dute ia kanpoko laguntzarik izan: «Elkarrizketa gehienak Pedrok eta nik bakarrik egin ditugu, eta oso zaila izan zaigu bion artean kamerez, fokuez eta mikrofonoez arduratzea», gaineratu du.
Orain arte egin dudan lanik zailena eta ausartena da honako hau” (Pedro Durana)
Artxiboko irudien eskumenak lortzen ere lanak izan dituzte. Duranak seminarioan eman zituen urteetan filmatutako film laburrak, inoiz publikoki erakutsi gabekoak, berreskuratzeko ikerketa lan sakona egin behar izan dute, eta burokrazia amaigabea pairatu dute: «Martxoan eskatu genituen irudiak Espainiako eta Euskadiko filmategietan, eta dokumentala estreinatu baino bi aste lehenago iritsi zitzaizkigun, horrek suposatzen duen azken orduko lan kargarekin».
Behin material guztia esku artean izanda, hiru mailatan egituratu dute ekoizpena, informazio, gogoeta eta emozio bat transmititzean oinarrituta: «Garai hura izan zenari buruzko informazio bat izateko balio duen dokumentala egin dugu, jorratzen ditugun gaien inguruko hausnarketa ere bultzatuko diguna, baina, horrez gain, emozioa sortuko duena».
Hastapenak. Anaiak Singapurretik ekarritako Super8 kamera batekin hasi zen Durana 80ko hamarkadan filmak zuzentzen. Eskuak (1982), Gernika. Euskadiko tragediaren atal bat (1983), Erabakia (1985) edota El hilo de cristal (1986) dira bere hastapenetako lan esanguratsuenak; denak ere, Euskal Herriko zinema jaialdietan sarituak izan zirenak. Seiekipo izenpean sinatu zituen Duranak garai hartako ekoizpenak, Gernikako Zine Klubeko kideekin elkarlanean sortutakoak baitziren.
Zinema digitalaren gorakadaren ondorioz filmak egiteari utzi zion zinegileak, baina XXI. mendean sartzearekin batera berrekin eta, besteak beste, Zeru grisa amaigabekoa (2010), Genaro, gizon arrunta (2015), Mi noche con Mario (2016), Gailur ametsa (2016), Gernika Garretan (2017) eta Basurde kumeak (2017) lanak zuzendu ditu.
Duranaren azken lana, iazko azaroan estreinatu zuten Lizeo Antzokian lehenengo, eta Elai-Alai aretoan, gero. Horrez gain, Bilboko Fas Zineklubean (gaur gaurkoz Espainiako estatuan martxan dagoen zineklub zaharrenean) emango dute laster.