Madrilen aurkitutako testuekin osatu dute bonbardaketari buruzko dokumentazioa
Iazko ikerketak Madrilen zentratu ziren, Casa de Alba Fundazioaren artxiboan hain zuzen. Bertan, Albako Dukeraren paperak kontsultatu zituztela jakinarazi dute ikertzaileek. Jasotako dokumentu horien analisia egin eta gero, dokumentuen erreferentziazko informazioa eskuragarri jarri dute Bakearen Museoan.
Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroak bere artxiboa osatu du 2019an zehar. Madrilen eta Italian aurkitutako testuekin osatu dute hain zuzen. Izan ere, Dokumentazio Zentroaren zeregin nagusietako bat da Gernikako bonbardaketa ikertzea; 36ko gerra ere aztertzen dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
Artxiboetan dauden dokumentuak eta bizirik atera direnen testigantzak dira historiogileei historia ahalik eta modu fidagarrienean idazten laguntzen dietenak. Eta dokumentu horiek bildu, ordenatu, katalogatu eta informatizatzeaz arduratzen dira zentrokoak, “gero dokumentuok ikertzaileen eskura jartzeko”.
Iazko ikerketak Madrilen zentratu ziren, Casa de Alba Fundazioaren artxiboan hain zuzen. Bertan, Albako Dukeraren paperak kontsultatu zituztela jakinarazi dute ikertzaileek: “1936 eta 1939 urte bitartean Londresen Francoren ordezkari legez Dukeak egindako lanak aztertu genituen, bai eta enbaxadore izan zen etapa ere. Erresuna Batuak Francoren gobernua aitortu zuenetik aurrera ere ikertu dugu artxibo horretan”. Halaber, Errege Jauregiko artxibo nagusian ere harakatu zuten iaz, “zehazki, Francoren dokumentuen kontsultan”.
Horiez gain, airearen artxibo historikoa ere bisitatu zuten: “Kondor legioko eta Italiako abiazioko pilotuen elkarrizketak aztertu ditugu besteren artean”. Francisco Iglesias Brage Iparraldeko Frontearen Operazio Buruaren artxiboa eta Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentu Zentroa ere aztertu zituzten. Italian ere egon ziren, Italiako Kanpo Arazoetako Ministerioaren artxiboan eta Italiako armadaren artxibo nagusian.
Jasotako dokumentu horien analisia egin eta gero, dokumentuen erreferentziazko informazioa eskuragarri jarri dute Bakearen Museoan, eta zentro horretan dagoeneko kontsulta daitezkeen milaka dokumentuei gehitzen zaie. Gaian interesa duten guztiek bisita dezakete artxiboa. Zentroa jendearentzat irekita dago martitzenetik barikura 10:00etatik 14:00etara, eta martitzen eta eguenetan 16:30etik 19:30era. Dena den, hobe dela hitzordua eskatzea adierazi dute.
20 urteko zeregina. Dokumentazio Zentrokoek hogei urte baino gehiago daramatzate hainbat motatako artxiboetan informazioa ikertzen eta biltzen. “Hainbat herrialdetako artxiboetan hizpide dugun gaiari buruzko ikerketak irekita daude, berrikusi beharreko dokumentuen kopuru handiagatik, edota bisitatu ez direlako”, adierazi dute ikertzaileek.
Hori horrela, bonbardaketako zenbait gairi buruzko “hainbat desadostasun” oraindik ere badaudela jakinarazi dute. Besteren artean, biktimen kopuruari, bonbardaketaren aginduari, parte hartu zuten hegazkinen kopuruari edo suntsipen mailari buruzkoak dira desadostasunak. “2020an, laurogeita hiru urte geroago, Gernikako bonbardaketak nolabaiteko polemika pizten jarraitzen du zenbait alderdiri buruz, eta historialari eta adituek ez dute gai horietan adostasunik lortzen”.