Bermeoko Udalak Kontzientzia Sortzaileen figura sortu du, elkarbizitza hobetzeko
Udalak beste bi proiektu abiarazi ditu: lehenengoak, Alde Zaharrerako dinamizazio kanpainen sormena dauka helburu; bigarrenak, Behargintzako bezeroen artxiboen eguneratzeagaz lotuta dago.
Bermeo garbia gura du Bermeoko Udalak, eta hori lortzeko lanean dabiltza. Kale eta leku publikoen garbiketetan “ahalegin berezia” egiten dabiltza. Hala ere, herri garbi bat edukitzeko, herritar guztien inplikazioa beharrezkoa dela uste dute. Bermeotarrak herriaren garbitasunagaz eta behar bezalako antolakuntzagaz sentsibilizatu eta inplikatu gura dituzte. Bide horretan laguntzeko, Kontzientzia Sortzaileen figura sortu dute; herritik lanean ibiliko dira herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuagaz.
Udalak Enplegu Planaren baitan kontratatu dituen bi pertsona izango dira Kontzientzia Sortzaileak –bost hilabeterako hartu dituzte–. Euren lana «oso garrantzitsua» izango dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Herria garbi egongo da herritarrek garbitasunagaz konpromisoa erakusten badute. Bermeo guztion etxea da, eta guztion inplikazioa lortzea da helburua”.
Herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko, Kontzientzia sortzaileek hiru esparrutan lan egingo dutela jakinarazi dute: herritarren portaera arauetan, ingurumenarekin zerikusia dutenetan eta animalien jabeei dagozkien jobakideetan. Hiru arlo horiek kontuan hartuta, sentsibilizazio kanpainak abiaraziko dituzte, herritarrak behar bezala informatuz. Horretarako onartuta dagoen bizikidetza araudia aztertzen ari direla azaldu dute.
Batez ere, herriko 4 gunetan ariko dira lanean: Alde Zaharrean, portuan eta Artika eta Askatasun kale inguruetan. Kontzientzia sortzaileei esker, gainera, gune horietako arazoak identifikatu ahalko dituzte.
Besteak beste, zigarro puntak sastarretara botatzeko garrantziaz hitz egingo diete erretzaileei, birziklatzearen onurak azalduko dizkiete herritarrei eta txakurren kakek sortu ditzaketen arazoez ohartaraziko dituzte animalien jabeak.. Alkatearen esanetan, azken helburua herriaren irudia eta herritarren kontzientziazioa hobetzea izango da.
Kontzientzia sortzaileez gain, udalak beste bi proiektu abiarazi ditu. Lehenengoak, Alde Zaharrerako dinamizazio kanpainen sormena dauka helburu. Hori lortzeko, sei hilerako bi pertsona kontratatu dituzte. Herritarrak, turistak eta negozio berriak Alde Zaharrera erakartzeko kanpainak proposatzea izango da horien lana. Sormen kanpaina horren bitartez, gainera, Alde Zaharraren potentziala erakutsi gura da.
Bigarrenak, Behargintzako bezeroen artxiboen eguneratzea egitea izango du helburu. 2001ean sortu zen Behargintza, eta ordutik 6.700 bezeroen informazioa gorde da artxiboetan. Datu horiek eguneratu gura dituzte, Behargintzak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Lan hori egiteko ere, beste bi pertsona hartu dituzte sei hilabeterako. Denak Enplegu Planaren baitako kontratazioak dira.