"Egindako guztia hotzean aztertuta, nire ibilbide profesionala polita izan da"
Mononukleosiaren ondorioz, txirrindularitza profesionala utzi du Beñat Intxaustik. Azken urteetan lasterketa gutxi lehiatu dituen arren, hamalau urtean egindakoagaz «pozik» dago muxikarra.
Hamalau urtez pedalkadak ematen ibili eta gero, bere kirol ibilbideari agur esan dio Beñat Intxaustik (Muxika, 1986). Gaixotasun bat izan da txirrindularitza uzteko erabakiaren arrazoi nagusia, baina bere ibilbidearen momentu onenak gogoratu ditu: une berezienak Giroko bi etapa garaipenak izan dira. Baita maillot arrosa janztea ere.
Profesional modura, zure kirol ibilbideari agur esan diozu. Orain zer?
Oraindik kokatzeko denbora behar dut. Amaitu berri dut, eta niretzako denbora librea nahi dut, etxean lagunekin eta familiagaz lasai egoteko. Etorri beharrekoak etorriko dira gero. Kontu batzuk ditut buruan, baina ez daukat ezer zehaztuta. Gustatuko litzaidake txirrindularitzagaz loturiko zerbait egitea, baina ez dut beste ezer baztertzen.
Gaixotasun baten ondorioz utzi duzu txirrindularitza profesionala.
Gaixotasuna izan da agur esatearen arrazoia. Denbora asko ibili nintzen erdi geldi, deskantsuan eta ezin lehiatuta. Azken urtean bueltatzea lortu nuen, baina ez nintzen lehenagoko mailara itzuli. Hala, denbora asko pentsatzen ibili ostean, nahikoa zela pentsatu nuen. Ez nuen bizikletagaz gozatzen, eta erabaki zuzenena hartu dudala uste dut.
“Nahi izan dudan taldeetan egoteko aukera izan dut, eta pozik nago”
Gogorra izan da erabakia hartzea?
Buruak gauza bat eta gorputzak beste bat esaten zidan. Nik nahi nuen, baina gorputzak ez zidan egunetik egunera hobetzen uzten, eta gure mailan beharrezkoa da hori. Mentalki une zailak eta gogorrak izan dira. Ez nintzen eroso sentitzen, eta disfrutatzen barik, sufritzen nengoen.
Zure bidelagun izandakoen laguntza eduki duzu?
Hasieratik bukaerara arte. Hiru urteetan, taldearen laguntasun handia izan dut. Edozertarako eta momentuoro. Etxekoak ere ondoan izan ditut. Hurbileko lagun eta familiagatik izango ez balitz, bizikleta lehenago utziko nuen seguruenik. Mentalki oso baxu egon nintzen; eurei eskerrak gehiago jarraitu dut.
Momentu gozoak ere izan dituzu. Zeinegaz geratzen zara?
Une berezienak Italiako Giroko bi etapa garaipenak, podiuma eta maillot arrosa janztea izan dira. Jendearen aurrean, podiumera igota eta arrosaz jantzita egotea kristorena izan zen. Asko gozatu nuen.
2013an etapa garaipena eta maillot arrosa janztea lortu zenuen, eta 2015ean, etapa bat. Espero al zenituen garaipenak?
2013an nahikoa Giro borobila egin nuen. Etapa, maillota eta sailkapen orokorrean zortzigarren postua eskuratu nituen. Beste etapa batean lehian ere egon nintzen. Horrenbeste lortzerik ez nuen espero. Gauzak oso ondo atera zitzaizkidan, eta Giro horretatik oso pozik bueltatu nintzen. Urte horretan egindako lanagaz ere pozik nago.
Italiako Giroa da zure lasterketarik bereziena?
Bai. Emaitzarik onenak eta sona handienekoak eskuratu ditut bertan. Euskal Herriko Itzulia bertoko lasterketa da, eta berezia da niretzat. 2010ean podiumean egon nintzen oso gaztea nintzela. Hori ere momentu ona eta lasterketa oso berezia izan zen.
Euskaltel Euskadigaz aritu zinen orduko hartan.
Etxeko taldeagaz, etxekoen aurrean. Hirugarren egin nuen lasterketan, baina aurretik egin zuen txirrindularia zigortu eta bigarrena izan nintzen. Urteko lasterketarik garrantzitsuena izan zen guretzat, eta oso erakusleiho garrantzitsua. Euskal Herriko Itzulian maila oso altua egoten da beti, eta podiuma lortzea oso jauzi handia izan zen niretzat zein taldearentzat.
Movistarren eskuratu dituzu zure ibilbideko emaitzarik onenak. Giroko etapez gain, hainbat garaipen lortu zenituen.
Euskaltelen egon eta gero, hurrengo bost urteetan Movistarren egon nintzen. Talde oso gogorra zen. Hiruzpalau aldiz irabazi genuen munduko talderik onenaren saria, eta helburu handiak izan genituen. Talde horretan egoteak txirrindulari modura egonkortu ninduen. Taldekide oso onak izan, eta emaitzarik onenak eurekin lortu nituen. Asko gozatu nuen urte horietan.
Hala ere, beste talde asko ezagutu dituzu .
Hamalau urtean talde askotan egon naiz, eta denetan oso gustura. Nik nahi izan dudan taldeetan aritzeko aukera izan dut beti, eta talde horietan egotea pozgarria izan da. Gaztetako lehenengo urteak oso garrantzitsuak izan ziren Saunier Duvalen. Eurek eman zidaten profesional mailara salto egiteko aukera; asko ikasi nuen. Taldekide beteranoak izan nituen, eta asko ikasi nuen. Gero, Euskaltelera joan nintzen. Gaztetan denon ametsa da herriko taldean aritzea, eta lortu nuen. Bi talde handitan ere egon naiz; bost urte Movistarren eta hiru Sky taldean. Azken hirurak onak izan ez arren, talde horretan aritzea gauza garrantzitsua izan da niretzat. 30 urtegaz fitxatu ninduten, eta nire onena emateko asmoz joan nintzen. Nire ametsa zen talde horretan aritzea, munduko talderik onena zelako. Zoritxarrez, lehenengo lasterketa egin eta gero gaixotu nintzen. Hortik aurrera ez nuen bat ere gozatu. Pena handia eman zidan urte horiek ezin gozatu izatea, baina taldearen eta taldekideen laguntza izan dut beti.
“Ez nuen bizikletagaz gozatzen, eta erabaki zuzena hartu dudala uste dut”
Zure ibilbidean bete bako helburua, beraz, Sky taldeagaz lehiatu ezin izatea da?
Tourreko taldean egotea eta taldekideren bategaz Tourra irabaztea izan zen Sky taldeagaz lortu gura nuena. Horretarako joan nintzen taldera, baina ezin nuen helburu hori bete. Tourra ez da izan nire lasterketarik onena, baina Frantzian taldekideren bategaz lehia irabazi gura nuen. Sky taldean aukera hori bazegoen, Chris Froome eta Geraint Tomas zeudelako. Eurekin nire %100 eman ez izana da bete barik geratzen zaidan helburua.
Zure kirol ibilbidean, une gogorrak alde batera utzi eta onekin geratzen zara?
Hamalau urtean momentu txar zein on asko izan ditut. Zoritxarrez, azken urteak izan dira txarrenak, baina egindako guztia hotzean aztertuta, nire ibilbide profesionala polita izan da. 10 urtegaz hasi nintzen bizikletan. Nire ametsa zen ziklista izatea, eta lortu dut. Nire ametsa bete nuen profesionaletara salto egitean. Handik aurrera etorritako guztia oso polita izan da. Urtetik urtera gorantz joan naiz, taldea hobetzen eta maila hobetzen. 20 urtetik 30era, maila oso ona eman dut urte guztietan; ondo lehiatu dut. Nire urterik onenetan, esperientzia handiena izan dudanean gaixotzeak ematen dit pena gehien. Zoritxarrez, horrek ez dauka bueltarik, baina beste urteetan egindako lan oso onagaz geratzen naiz.
Garaipen eta lehiez gain, zer eskaini dizu txirrindularitzak?
Gauza asko. Mundu guztian zehar bidaiatzen egon naiz. Nire idoloekin pelotoi berean lehiatu dut, lagun asko egin ditut, eta leku guztietako txirrindulari asko ezagutu ditut. Oso polita izan da. Esperientzia horiek gaztetatik bizitzea sakonean geratuko zaidan oroitzapena da.
Motzean
Txirrindulari bat? Lance Amstrong
Taldekide bat? Jonathan Castroviejo
Talde bat? Sky
Lasterketa bat? Italiako Giroa
Tekniko bat? Xabier Artetxe
Beste kirol bat? Tenisa