663 atletek parte hartuko dute Euskadiko Kros Txapelketan
Domekan Gernika-Lumon eta Arratzun lehiatuko dute txapelketa, eta bertan egongo dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 663 atleta. Kirolari onenek zortzi lasterketa lehiatuko dituzte, lau kategoriatan banatuta. Txapelketa 09:30ean hasi eta 13:30ean bukatuko dela zehaztu dute.
Gernika-Lumon eta Oleskon lehiatuko dute domekan Euskadiko Kros Txapelketa, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 663 atleta bertaratuko dira. Txapelketa 09:30ean hasi eta 13:30ean bukatuko dela zehaztu dute.
Parte hartuko duten atletetatik 436 dira gizonezkoak, eta 227, berriz, emakumezkoak. Juanjo Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidenteak azaldu duenez, generoen arteko desberdintasun nabarmenena absolutu mailan nabaritzen da: “Maila absolutuan 237 gizonezkok eta 65 emakumezkok eman dute izena. Beste kategorietan, berriz, nahiko berdinduta daude gizonezko eta emakumezkoak”.
Anderezek nabarmendu duenez, atletismoan beti saiatu dira generoen arteko berdintasuna bultzatzen: “Lehiatzeko atletismoan berdintasuna bultzatzearen alde egin da beti. 1965ean egin zen lehenengoz txapelketa, eta lehenengo lehia horietan ere, emakumezko irabazleak zehaztu zituzten. Gogoratu behar da, gainera, emakumezkoen atletismoa 1963ra arte debekatuta egon zela Espainian”.
Urtez urte emakumeen parte hartzea handitzen joan dela ere adierazi du. Hala, maila txikienetan bada ere, atleten lizentzia kopurua parekatuta dela dio. “Absolutuen mailan dago desberdintasuna baina denboragaz lizentzi kopurua berdintzea lortuko dugula uste dut”.
Domekan zortzi lasterketa lehiatuko dituzte, lau kategoriatan banatuta: kadete, jubenil, junior eta absolutu mailetan. Eta denek ala denek bi kilometroko zirkuitua zeharkatu beharko dute. Ibilbideak aldapa askorik ez duen arren, “nahiko zorrotza” dela adierazi dute antolatzaileek: “Aldapa askorik egon ez arren, nahiko exijentea da zirkuitua. Lurra oso biguna da, baina oso ohikoa da hori krosean”.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lasterketari onenek Olinpiar Jokoak lehiatuko dituzte aurten, eta Tokiora joateko gutxieneko markak bilatzen dabiltza orain. Hori da Ivan Fernandez edota Elena Loyoren kasua, eta ez direla domekan eskualdean egongo jakinarazi dute: “Batak zein besteak hilabete hauetan dituzte Tokiorako txartelak lortzeko aukerak, eta horiek prestatzen dabiltza”.
Hala ere, izen handiko kirolariak bertaratuko dira. Besteren artean, iaz Ordizian lehiatutako Euskadiko Kros Txapelketako bi garaileak: David Garcia eta Ainhoa Sanz. Gizonezkoetan Imanol Goñi natxituarra, Eneko Agirrezabal, Unai Arroyo eta Oier Ariznabarreta nabarmendu ditu Anderezek. Nesketan, berriz, Irene Loizate durangarra dela faboritoa esan dute. Maria Zorroza gernikarra eta Elena Silbestre ere faboritoak direla adierazi dute.
Espainiarako txartela. Halaber, Espainiar nazionalitatea ez dutenek ere parte hartuko dute: “Ez dute titulua irabazteko lehiatuko, baina bai Euskadiko Selekzioagaz Espainiako txapelketara deituak izateko”. Izan ere, Euskadiko Kros Txapelketak Espainiako Kros Txapelketan egongo direnak erabakiko ditu; bai atleta zein taldeka. Espainiako kluben arteko kros txapelketa Sorian jokatuko dute otsailaren 23an. Gainera, domekako txapelketan erabakiko dira zein atletek ordezkatzen duten Euskadiko taldea Espainiako txapelketan.
Eskualdean lehenengo aldiz lehiatuko dute Euskadiko Kros Txapelketa, eta hori dela Euskadiko Federazioaren asmoetako bat azaldu du Anderez: “Txapelketa Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lurralde guztietara zabaltzea da gure asmoa. Izan ere, tradizionalki, txapelketa hauek leku jakin batzuetan antolatu ohi dira. Gehienak Zornotzan, Ortuellan, Bilbon, Amurrion, edota Lasarteko Hipodromoan”.
Euskadiko Atletismo Federazioko presidenteak Gernika Atletismo Taldearen lana azpimarratu du, eta euren antolaketarako prestutasuna eskertu: “Ilusio handia egiten zidan Gernika Atletismo Taldeak txapelketa antolatzeko prestutasuna izan zuela jakitea. Zirkuitu bat prestatu behar da, zaila da eta lan asko egin behar da honen moduko txapelketa behar den moduan burutzeko”. Txapelketa antolatzeko jasotako laguntza ere eskertzekoa dela adierazi dute, eta Arratzuko eta Gernika-Lumoko Udalei eta herritarrei laguntza eskertu diete.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Udaleko kirol zinegotziak ere, azken sei urteetan atletismo taldeak egindako lana nabarmendu du: “Orain dela sei urte hasi ziren proiektuagaz. 15 ziren hasieran, eta 180 atleta inguru batzen dira orain. Txikia izan arren, lan onaren erakusgarria da hori”.
Hala, herritarrei kros txapelketara gerturatzeko deia egin die zinegotziak, eta domekakoa “sekulako” ikuskiuzna izango dela dio Anderezek.