Bisitari kopuruak goraka darrai Ekoetxea Urdaibain
67.000 pertsona hurbildu ziren iaz Busturiko ingurumen interpretazio zentrora.
2018an 60 mila bisitariren marka hautsi zuen Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibaik. Urterik urte, bisitari kopuruak gora egin du, eta hala egin zuen 2019an ere. Jakinarazi dutenez, 67.000 pertsona hurbildu ziren iaz ingurumen interpretazio zentrora.
2008ko ekainean ateak ireki zituenetik, hortaz, milioi erdi bat pertsona igaro dira bertatik. Zentroko arduradunen esanetan, jasangarritasunarekin lotutako hezkuntza eta aisialdi eskaintza zabala funtsezkoa izan da marka horretara iristeko. 2019. urtean Ekoetxea Urdaibaik 450 jarduera baino gehiago antolatu zituen, eta 170 ikastetxetako 14.000 ikasle baino gehiago hartu zituen bere Eskola Programa Didaktikoaren baitan.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak kudeatzen duen Ekoetxea sareko ingurumen interpretaziorako zentroek 100.000 bisitari baino gehiago izan zituzten 2019an. Zentroen sare horren barruan, Urdaibaikoa nabarmentzen da. Sareko gainerako zentroei dagokienez, 14.000 bisitari izan zituen Peñas Negras Ekoetxeak, 14.000 bisitari Txingudikoak eta 5.000 bisitari, berriz, Azpeitikoak.
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren arabera, “Ekoetxea sarea funtsezko tresna bat da Garapen Jasangarrirako Ingurumen Hezkuntzaren Estrategian”.