Lekuek-eko kartela betetzera datoz beste zazpi talde eta artista
Jaialdian adin eta estilo desberdinetako musikazaleak batu gura dituzte, eta talde gehiago iragarriko ditutze datozen asteetan
Martxoaren 7tik 14ra egingo dute Lekuek Festibala Gernika-Lumon, eta aurretik iragarritako taldeei beste zazpi gehitu zaizkie, kartela aberastu asmoz. Euskal Herriko Sua, Lisabo, Orreaga 778 eta Gaizka Insunza; Madrilgo Wormed eta Ash Grunwald talde australiarragaz osatutako kartela iragarri zuten Gabonak auretik. Orain, emakumeek osatzen duten MoonShakers talde bilbotarra, Arima, Urgatz talde bermeotarra eta Mocker’s durangarrak iragarri dituzte. Euskal Herritik kanpoko taldeak ere badira berritasunen artean: Pony Bravo andaluziarrak eta Stainded Blood eta Los Hermanos Cubero katalanak (Bartzelona).
Lekuek festibala aniztasunaren sinonimo dela esan dute antolatzaileek, adin eta estilo askotako jendea batzen duen jaialdia. Kartela osotzeko oraindik talde gehiago iragarriko dituztela ere jakinarazi dute, eta gogorarazi aste osorako bonoak salgai daudela 25 euroan. www.gernikakolekuek.com webgunean edo Gernika-Lumoko Astran, zein Zaplast, Ospa eta Aterpe tabernetan. Bonoa eta poltsa gura dituenak eskura ditu 30 euroren truke.