Eskola jantokien eredua aldatzeko borondate politikoa eskatu diote Jaurlaritzari
Hurrengo ikasturterako araudi berria egiteko eskatu dute Legebiltzarreko alderdi politikoek
Gure platera gure aukera plataformak eskola jantokien eredua aldatzeko borondate politikoa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Prentsa ohar bitartez gogoratu dutenez, Eusko legebiltzarreko alderdi politikoek, urriaren 24an lau hilabeteko epea eman zioten Gobernuari jantokien plegu berriak eragileekin kontrastatzeko eta eredu deszentralizatuak aztertzeko. Hilabete eskas falta da epea betetzeko, eta plataformak salatu duenez, Jaurlaritzak ez du inolako lan egutegirik aurkeztu, ezta alternatiba bideragarririk ere.
Araudi berria eskatzen dute eragileek, kalitatea eta segurtasuna bermatzeko; baita lan baldintzak ere. Horrez gain, hala eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak egiteko ere eskatu diote Jaurlaritzari.
Hori guzti hori gauzatzeko borondate politikoa eskatu du Gure platera gure aukera plataformak, haien ustez, gaur egungo eredua ez delako sostenigarria eta ez dielako erantzuten eskola-komunitaten eskariei. Salatu dute, gainera, “diru publikoarekin eta eskola publikoetako familien diruarekin” bost katering enpresa handi aberarastu izana.