Basurdeek errebantxa hartu dute
16. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 10-47 irabazi dio Universitario Bilbao Rugbyri. Lehen itzulian bilbotarrak nagusitu ziren Urbietan.
6. jardunalditik partidurik galdu barik dago Gernika Rugby Taldea. 5. jardunaldian, Universitario Bilbao Rugbyren kontra galdu zuen Urbietan (15-20), eta atzo errebantxa hartu zuen. Denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratu zuen zapatu arratsaldean, El Fangoko ermitan, Errekalden. 10-47 nagusitu ziren basurdeak. Orain arteko 16 jardunaldietatik bi galdu dituzte eta biak etxean; Bilboko taldearen kontra eta Getxoren kontra (15-18).
Lehen itzuliko porrotaren ostean, zapatuko neurketa “bereziki gogo handiz” hartuta, etxean galdutako puntuak Bilbon eskuratzea lortu zuten. Ez zuten partidu erraza espero, eta hala izan zen. Universitario Bilbao oso idartsu zelairatu zen, horrek gernikarren zenbait akats eragin zituen.
Hala ere, neurketa nahiko parekatu mantendu zen lehen jokaldietan. Hamargarren minutuan, bilbotarrak zigor-ostiko batez baliatu ziren markagailuan aurreratzeko (3-0). Gernikak bere jokoari eutsi zion; pare bat minutu igarota, Lindokhule Welemuren bitartez, lehen entsegua eskuratu zuen. Ostean, Iker Olaeta drop-az baliatu zen markagailuan tartea pixka bat handitzeko. Hogeigarren minutu inguruan, Simon Lilicamak gernikarren bigarren entsegua egin zuen.
Lehen ordu erdia betetzear zela, talde bilbotarreko Javier Krug eta gernikarreko Federico Lezanok txartel horia ikusi zuten. Beraz, bi taldeak hamalau jokalarigaz geratu ziren. Pare bat minutu igarota, Gernika RTren hirugarren entsegua heldu zen; Solomona Parakik egin zuen. Gainera, atsedenaldia iritsi aurretik, Parakik berak markagailuko aldea handitu zuen, bi zigor-ostikoz baliatuta, (3-28).
Bigarren zatia hasi eta hamar bat minutura, Lindokhule Welemuk partidako bere bigarren entsegua lortu zuen, Gernika RTren laugarrena. Gernikak bere jokoa egiten jarraitu zuen bigarren zatian.
Bigarren zatia amaitzeko hamar-hamabost minutu falta zirenean, Parakik bosgarren entsegua egin zuen. 3-40ko markagailuagaz, neurketa erabakita zegoen, baina, bi taldeek bazuten oraindik zer esan. Amaierarako hiru minutu falta zirenean egin zuen etxeko taldeak bere lehen entsegua (10-40). Azken minutuan, Lindokhule Welemuk egin zuen neurketako azken entsegua: 10-47.
Bigarren postuan, sendo. Bost puntu gehiagogaz, bigarren postuan jarraitzen du Gernika RTk. 64 puntu pilatu ditu orain arte; Getxo RT liderrak 75 puntu ditu.
Asteburu honetan, Gernika-Lumoko taldeak Campus Univeristario Ourense RC hartuko du Urbietan; domekan 12:00etan hasiko da partidua. Talde galiziarra sailkapeneko hirugarrena da, bederatzi garaipenekin. Joaneko neurketan basurdeek 23-43 irabazi zuten Galizian.