Milaka lagunen pausoekin, urrun daudenak gertuago
Borja Zubizarreta eta Oihana Azkorbebeitia izan dira euren kategorian azkarrenak, mendi lasterketan
Zaletasuna elkartasun bilakatuta, kirolak batu eta mendian gora eskubideen alde egin dute gaur ia 1. 500 lagunek, Gernika-Lumon. Eskualdean bakarrik ez, Euskal Herri mailan gero eta ezagunagoa da Etxera Trail lasterketa, eta probak berak duen aldarrikapena gero eta indartsuagoa da.
Mendian oinez, edo lasterka, milaka eta milaka pauso isilek ozen markatu diote gaurko bidea euskal gizarteari: hainbat urtez ehunka kilometrotara preso daudenak etxera ekartzeko bidea, hain zuzen.
Ia 700 mendizale batu dituen martxa luzearen aurretik, omenaldia egin diete antolatzaileek Busturialdeko presoen senideei. Hala, urrun egon arren, gaurkoa bezalako kirol ekimenekin gertuago sentiarazten dituztelako, lasterketaren lehenengo bost dortsalak beraientzat izan dira: Kepa Arronategi, Jabi Abaunza, Oier Goitia, Eneko Goieaskoetxea eta Ibon Goeiaskoetxearentzat, hain zuzen.
09:00etan eman diote hasiera martxa luzeari, eta 10:30ean atera dira korrikalariak; ia 500. Busturialdeko presoak presente, paperezko kartzelaren barroteak apurtu dituzte aurten ere, lasterketaren hasieran. Bai martxa luzekoak zein lasterketan parte hartu dutenek, 16 kilometroko ibilbidea egin dute.
[BIDEOA: Zigor Iturrieta]
Familia giroan ere elkartasuna eta kirola uztartzeko aukera eman du Etxera Trailek, beste behin ere. 6 kilometroko martxa txikia 10:45ean atera da Pasealekutik.
Ordubete eskas behar izan du lehenengo korrikalariak helmugara heltzeko: Borja Zubizarreta, eta ia jarraian heldu dira bigarrena eta hirugarrena ere: Ander de Luis eta Ruben Astiz, hurrenez hurren.
Nesken artean, Oihana Azkorbebeitia izan da lehenengoa helmugara heltzen. Atzetik sartu dira Leire Barandar eta Ianire Fernandez.
Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du IV. Etxera Trailean; eta kirolean ez ezik, zeinek bere esparruan elkartasuna adierazi gura izan du gaur, Pasealekuan. Hala, Biztu Irratiak ere zuzenean emititu du bertatik. Parte hartzaileak elkarrizketatu dituzte, antolatzaileak, Etxera Traileko abesti eta bideolikapen egileak… Hala, eguerdi partean elkartasun uhinak ere izan dira gaurkoan.
Kirol ekimena amaituta, jai giroari jarraipena eman diote Gernika-Lumon, tabernarien laguntzarekin antolatutako pintxopotean. Ehunka lagunek Juan Kaltzada kalea bete dute arratsaldeko lehen orduetararte.
Kartzela eta kirola hitzaldia. Aurtengo Etxera Trail, baina, eguneko ekimena izatetik harago joan da. Asteburu osoa jantzi asmoz, hitzaldia eman zuten zapatu iluntzean Zigor Iturrieta, Urko Mantzisidor eta Alfon Sebastianek. Kirolariak hirurak, eta preso ohiak. Kirola eta kartzelari buruzkoak izan zituzten berbagai Harizpe txokoan eta, besteak beste, kartzela barruan ere kirola praktikatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten. Gainera, Etxera Trail bezalako ekimenek preso daudenengan duen eragin pozgarri eta positiboa ere aipatu zuten, kirola eskubideen aldeko aldarrikapen bihurtuta.