Denon artean erabakitzeko, grebara deitu dute Bermeon
Hurrengo egunetan egingo dituzten deialdiei adi egoteko eskatu dute
Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Karta Sozialak deitutako grebarekin bat egiteko deia egin dute bermeotarrek ere. Hain zuzen, eguenerako deitutako mobilizazioa herri zein norbanakoen defentsan garatutako bidean katebegi bat gehiago dela azaldu dute prentsaurrekoan.”Ez da ezeren hasiera, ezta bukaera ere” –esan dute–, “aurretik herri hau, borrokatuz eta antolatuz, egunero, edo 30ean emango den unean uneko pauso sendoen bidez egiten ari den bidean kokatzen dugu”.
Hain zuzen, urtarrilaren 30eko greba deialdia garrantzitsua dela adierazi dute, dena erabaki nahi dutelako deitzaileek, denon artean; “bestela, gugatik beste norbaitek erabakiko baitu”.
Oinarrizko hausnarketa bat helarazi gura izan diete herritarrei. Hain zuzen, euskal gizarteak bizi duen gatazka bortitzaren mamia bi alderen artekoa dela; “bizitza lapurtu eta suntsitzen duen gutxiengo harrapariaren eta bizitza erdigunean jarri nahi dugunon artekoa”.
Pentsiodunen kemena. Prentsaurrekoa baliatu gura izan dute, baita, pentsiodunen borrokaren garrantzia aipatzeko, eta greba orokorra arrakastatsua izateko erakusten ari diren kemena eta determinazioa aipatu dituzte.
Gauzak horrela, herritarrei ere grebari begirako ohar pare bat helarazi gura izan diete. Batetik, egin beharreko lanak (erosketak, autoari gasolina botatzea…) eta greba egunerako beharrekoak diren egiteko guztiak aurreko egunean prest uzteko. Gainera, urtarrilaren 29ko arratsaldean mobilizazio zaratatsua egingo dutela jakinarazi dute. Bestetik greba egunerako egiten den planetamendu orokorrari kasu egiteko ere eskatu dute. Hortaz, herrian zein Bilbon egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei.
Grebari buruzko informazioa gura dutenentzat, infogunea ipiniko dute urtarrilaren 25ean eta 26an Lameran, 13:00etatik 14:30era.