Antolatu eta lehiatzeko ilusioz
Otsailaren 2an lehiatuko dute Euskadiko Kros Txapelketa Gernika-Lumon eta Arratzun. Prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza Gernika Atletismo Taldekoak.
Pausoz pauso, metroz metro eta kilometroz kilometro aurrera jarraitzen duen taldea da Gernikako Atletismo Taldea. Duela sei urte eman zituzten lehen pausoak, “herrian atletismo talde baten beharra zegoela ohartuta”, eta, orain, Euskadiko Kros Txapelketa antolatzen dabiltza.
Otsailaren 2an Euskal Herriko atletismo talderik onenak etorriko dira udalerrira, bertan jokatuko baita kros txapelketa. “Horrelako txapelketa bat prestatzea erronka oso handia eta garrantzitsua da guretzat, eta horretarako lanean gabiltza”, onartu du Carlos Galan Gernika Atletismo Taldeko kideak.
Hainbat lasterketa antolatu dituzte Gernika-Lumon: Milia Herrikoia, Duatloi Txikia, Abixadan edota Gu be zuek gara, besteren artean. Aurten, baina, pauso bat haratago joan gura izan dute, eta Euskadiko Kros Txapelketa antolatzeko proposamena egin zioten Atletismoko Euskal Federazioari urte hasieran: “Beti izan dugu gogoan horrelako zerbait antolatzea. Euskal Kros Federazioari proposamena bidali genion, kros txapelketa non, zelan eta zelakoa izango zen jakin barik. Federazioak pozik hartu zuen proposamena”.
Urdaibai inguruan ez da inoiz kategoria horretako kros txapelketarik lehiatu. “Ez da egon horrelako txapelketa antolatzerik, baina gu prest gaude”.
2 kilometroko zirkuitua
Astebetean lehiatuko dute kros txapelketa, eta, orain, prestaketa lanekin buru-belarri dabiltza taldeko kideak. Taldeetan banatu dute beharra, eta bakoitza zeregin batetaz arduratzen dela jakinarazi dute.
Taldearentzat orain arteko erronkarik handiena da Euskadiko Kros Txapelketa antolatzea
Zirkuitua “ikusgarria” dela diote antolatzaileek. Oleskoko eta Barrutiako zelaietan egin dute 2 kilometrotako ibilbidea, eta lehia 09:30ean hasiko dela aurreikusi dute; 13:30erako txapelketa bukatuta egongo da. “Zirkuitu ikusgarria da, bai atletek korrika egiteko zein publikoak lasterketaz gozatzeko”.
Belarra eta lokatza konbinatzen dituela diote, eta horregatik gogorra izango dela uste dute. “2 kilometroko perimetroa daukan bidea erabat laua da, ez du bira zakarrik, baina potentea izango da. Izan ere, Urdaibai padura da, eta ibilbidean nabarituko da. Atleta askok parte hartuko dute, eta zirkuitutik denak pasatuko dira, eta,beraz, lokatz asko egongo da”, adierazi du Galanek.
700 atleta inguru bertaratuko dira hurrengo asteburuan. “Euskadiko atleta onenetariko asko eta atletismo talderik onenak ere etorriko dira”.
Kadete, gazte, junior eta absolutu mailan bakarka eta taldeka lehiatuko dute, eta denetan “parte hartze handia” egongo dela diote, Espainiako Kros Txapelketarako taldekako txartelak lortu nahian.
Txapelketa prestatzea «sekulako» erronka bada ere, lehiatzea ere “erronka nagusitzat” dute. Hala, talde gernikarreko atletek kategoria guztietan lehiatuko dute, junior eta absolutu mailako taldekako nesketan izan ezik. “Maila handia dago taldean, ikusiko da bi edo hiru taldek Espainiako Txapelketara joateko aukera lortzen duten”, diote. Espainiako Txapelketa “gozatze-
ko» dela diote: “Gure lehia Euskadi mailan bukatzen da, eta Espainiakora sailkatuz gero, gozatzera joango gara”.
700 atleta inguru bertaratuko dira Gernika-Lumo eta Arratzura, baina horien ikuskizunagaz gozatzera 2.000 pertsona inguru hurbilduko direla diote arduradunek: “Ibilbideak publikoaren ikusgarritasuna bermatzen du. Edonon kokatuta ere, lasterketaren hiru laurden ikus dezakete ikusleek. Irisgarritasuna ere erraza izango da. Oinez heldu daiteke Lorategieta zein Guardia Zibilen koartel ingurutik”.
Herriari bizitasuna ematea ere taldearen zereginetako bat dela diote. “2.000 pertsona inguru gerturatuko dira, eta herria beteko dute”.
Erakusleiho «bikaina»
Prestaketa eta antolaketa lanak «asko» diren arren, horrelako aukera bat aprobetxatu gura izan dute, eta atletismo taldeak Gernikan duen presentzia ezagutarazteko aukera “bikaina” izango da. “Taldea mugitu egiten dela erakusteko eta gure lana balioan jartzeko aukera da txapelketa antolatzea. Bertan gaudela esateko eta indartsuak garela erakusteko”, aitortu dute.
Udalerrian, “askotan”, bigarren planoan daudela uste dute, baina taldea eratu zutenetik asko hazi dira. 15 atletekin hasi zuten ibilbidea, eta 180 dira orain. “Gure eguneroko lana baliagarria dela ikusten dugu, aurrerapausoak ematen ditugu, eta atletak pozik daude”. Hala, helburu nagusia taldea ezagutaraztea, jendearen parte hartzea bultzatzea eta atletismoa “pozik” praktikatzea dela diote. “Saskibaloiaz, futbolaz edota errugbiaz gain, badaude kirola egiteko beste zenbait aukera herrian”, esan dute. Gernika Atletismo Taldean, gainera, krosa praktikatzen dute, baina badago beste zenbait diziplina praktikatzeko aukera ere: abiadura lasterketak edota jaurtiketa, esaterako.
Talde txikia, baina familia handia dira. Talde modura ekintza asko antolatu dituzte, eta Euskadiko Kros Txapelketa prestatzeko jasotako laguntza eskertu gura izan dute. Izan ere, boluntario lanak egiteko, taldeko kideez gain, 63 pertsonak lagundu diete: “Gehienak atleten guraso eta lagunak dira, eta horiek dira gehien inplikatzen direnak. Baina herritarren laguntza handia ere eduki dugu”.
Gernikan herriari bizitasuna ematen dioten talde txiki asko daude, eta horien adibidea da Gernika Atletismo Taldea. “Talde txikiek indar handia daukate herrian, jende asko mugitzen dute. Askotan ahaztuta gaude, baina txapelketagaz gure lana erakutsiko dugu”.