2020rako dituen proiektuen berri emango du Caritasek domekan
Jaialdi-ikuskizuna egingo dute eguerdi partean, Lizeo antzokian
Gernika-Lumoko Caritasek ekitaldi berezia egingo du domeka honetan, Lizeo Antzokian. 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta 13:30ak arte iraungo du. Hain zuzen ere, egiten duten lanari ikusgarritasuna emateko jaialdia egingo dute. Besteak beste, bideo labur batean, esku artean dituzten proiektuen berri emango ditu erakundeak. Gainera, boluntario lanak egiteko prest daudenetzako azalpenak emango dituzte.
Dena den, garrantzitsuena eguneko jaialdiagaz gozatzea dela argitu du Caritaseko kide Iñaki Malaxetxebarriak. Horretarako, Ross dantza taldearen, Yan Tao Tai-Chi eskolaren, Xankore Gernikako antzerki taldearen eta Etorkizuna Musikatan Bilboko haur orkestren emanaldiak izango dira Lizeo Antzokian bertan. «Domekako jaialdiaren helburua ez da dirua batzea, proiektua bera ezagutzera ematea eta sentsibilizazioa eta konpromisoa lortzea baizik», Malaxetxebarriak azaldu duenez.
Caritasen proiektuen artean, harrera ematearena da beteranoena. Hala ere, beste zenbait ere garatzen dituzte, boluntarioen laguntza duten heinean: haurrei zuzendutako Amilotx edo etorkinei begirako ortugintza proiektua, kasurako.
Laguntza emateko prest daudenentzat, ate irekiak egingo ditu Caritasek Andra Mariko lokalean, otsailaren 2an.