Minbiziaren aurkako bataioak
Minbizia ikertzeko proiektuak diruz laguntzeko urpeko bataioak egingo dituzte otsailaren 1ean
Minbizia ikertzeko hainbat proiektu diruz lagundu asmoz, urpeko bataio solidarioak egingo dituzte Bermeon hurrengo asteko zapatuan, otsailaren 1ean.
Izaro Sub taldeak antolatu du, Espainiako hainbat lekutan egingo duten ekimenarekin bat eginez. Izan ere, Itsas Zaindarien Sareak bultzatuta, Vencer el cancer elkartearen proiektuak diruz laguntzea da helburua. Hala, urpekaritzaren mundua ezagutzeagaz batera, minbiziari aurre egiteko ikerketen alde egiteko aukera izango dute bermeotarrek.
Ur azpiko bataioak zortzi urtetik gorakoei zuzendutako ekimena dela azaldu dute antolatzaileek, eta parte hartu gura dutenei borondatearekin laguntzeko eskatuko diete klubekoek. Bataioa egin gura ez dutenek ere borondateagaz lagundu dezakete ekimena.
Izena eman behar da. Bermeoko Arene kiroldegian egingo dituzte ur azpiko bataioak, 17:00etatik 19:00etara. Taldeka zein bakarka egin ahal izango dira. Izaro Sub taldekoek esan dutenez, urpean gozatzeko aukera paregabea da herritarrei eskainiko dietena.
Minbiziaren aurkako borrokari aurre egiteko urpeko bataioan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Bermeoko Arene udal kiroldegian.
Otsailaren 4a da minbiziaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna, eta egun horrekin bat egiten dute otsailaren 1erako Izaro Sub taldeak antolatu dituen urpeko elkartasun bataioak.